Aramaioko taldeak, finalerdiei ekiteko prest

Gontzal Belategi Zubia 2025ko ots. 21a, 13:37

Izena Pentsau Bida 2 taldearen aurkezpena.

Taldeen aurkezpenak eginda, finalerdiei begira jarrita daude Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketako aramaioko hiru taldeak. Bañera Ft. taldea izango da lehena kantatzen. Izena Pentsau bida 2 eta Aramaixoko taluek taldeek jarraituko diote, hurrenez hurren

Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketan izena eman duten hiru taldeek –Bañera FT, Izena Pentsau Bida 2 eta Aramaixoko Taluek– egin dute dagoeneko txapelketaren lehen fasean egin beharreko taldeen aurkezpena. Aramaixoko Taluek taldea izan zen azkena aurkezpena egiten. Aurreko astean egin zuten, Gorbeialdeko Bertso Egunean, Legution. Hango bertso eskolako gazteekin batera egindako bertso saioa izan zen, eta Aramaixoko Taluek taldeko kide Peru Abarrategik aurkez- penaren balorazio positiboa egiten du: "Oso ondo joan zen. Legutioko bertso eskolakoekin batera ofizioka ibili ginen. Ostean, haiek zenbait kopla bota zituzten. Alde horretatik, ez dugu inolako kexarik".

Balorazio positiboa

Hiru aurkezpenak aztertuta, saio bakoitzak bere ezaugarri propioak izan dituela azaldu du Izena Pentsau Bida 2 taldeko kide Manex Agirrek: "Bata Santa Ageda batzearen barruan izan zen. Bañera FT taldeko kideek koplatan egin zuten bertan. Gure taldeak herriko haurrekin batera egin zuen aurkezpena, Sastiñan. Oso ondo joan zen. Jolasen bidez aurkeztu genuen taldea, denok batera ondo pasatzeko asmoarekin. Hirugarren taldeak berdina egin zuen, baina Legutioko ikasleekin, eskualdeko beste bertso eskola batekin kolaboratzeko asmoz".

Orain arteko lanaren balorazio positiboa egin du Agirrek: "Oso ondo joan da dena. Taldeen aurkezpena egiteko balio izan digu, jendeak nortzuk garen ikusi ahal dezan". 

Finalerdiei begira

Finalerdiei begira jarrita daude dagoeneko Aramaioko hiru taldeak. Bañera FT taldea izango da lehena kantatzen; otsailaren 28an kantatuko dute, Narbaxan, 4 Gara (Lautada) eta Ganbarakoak (Añana) kuadrillekin batera. Izena Pentsau Bida 2 taldea izango da hurrengoa kantatzen; martxoaren 9an izango da haien txanda, eta Aramaion bertan kantatuko dute, Txandrio (Arabako Errioxa), Inkostantinkoplan Potoz Poto (Gasteiz) eta Pintto Pintto (Gasteiz) kuadrillekin batera. Finalerdiei amaiera emateko, Aramaixoko Taluek taldeak martxoaren 23an kantatuko du, Gillernan. Haiekin batera, Gorringo (Gasteiz), Errexala (Gasteiz) eta Arlobiko Bardoak (Urkabustaiz-zuia, Gorbeialdea) izango dira kantuan.

Helburu kolektiboak

Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa ez da ohiko txapelketa bat. Arabako bertsolaritzaren sarea zabaltzeko helburuarekin antolatzen da, eta finalerdietarako dituzten helburuak filosofia horri lotuta daudela azaldu du Abarrategik: "Helburuetako bat bertsolari gazteei plazak ematea da, eta banakako txapelketatik kanpo dabiltzan bertsolariekin plazak elkarbanatzea. Eta gai-jartzaile eta epaile taldeak sendotu nahi ditugu. Orokorrean, horrelako helburuak ditu kuadrilla artekoak, eta guk ere ez dugu horiek baino askoz gehiago. Ez dugu helburu indibidualik".

Finalerdiei orain arteko helburu bera jartzen die Agirrek: "Formatu bereziko saioak dira, otordu baten bueltan egiten direnak. Helburuak orain artekoak dira: bertsotan egin, ondo pasatu, taldekoekin disfrutatu eta ikusleei disfrutarazi. Hori da kuadrilla artekoaren espiritua, eta hemendik aurrera ere hori izango da". Hala ere, Aramaioko talderen bat finalera iristea pozgarria litzatekeela aitortu du Abarrategik: "Saio txukuna egin eta Aramaioko talderen batek finalera heltzeko aukerarik badu, hori ere pozgarria izango da, eta bestela final egunean festa girora edo laguntzera batuko gara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak