Udalak arkeologia-zerbitzuak eta dokumentuak kudeatzen dituen Ondare Babesa enpresa kontratatu du, Aramaion dagoen ondarea identifikatu eta babesteko helburuarekin. Asier Agirre alkateak adierazi du lan horrekin nahi dutena dela herrian dauden ondare fisikoak katalogatu ahal izatea, eta ondare hori era askotakoa izan daitekeela: "Katalogatu nahi den ondare hori izan daiteke baserri bat, erromatar garaiko arkua duena, esate baterako, baina izan daiteke baita ere zuhaitz bat, edo bide bateko harri konkretu bat. Kontzeptu ugari daude".
Baina zelan egin hori 7.300 hektarea dituen herrian? Alkateak zehaztu du "herriko sare bat" sortu nahi dutela eta sare horri pasako diotela dokumentu bat, identifikatu duten ondare horri buruzko informazioa jasotzeko helburuarekin: "Bertan jarri beharko dira lauzpabost datu: ondare hori dagoen GPS-kokapen bat, argazki bat atera beharko da, lekuaren izena zehaztu eta gutxi gorabeherako data bat jarri beharko da. Datorren dokumentazio hori guztiari garrantzia markatzen hasiko da gero lantalde bat, Ondare Babeseko Aitziber Gonzalezen gidaritzapean".
Katalogatzearen garrantzia
Lanketa hori herritarrekin egin nahi dute. "Zenbat eta herritar gehiago batu honetara, orduan eta emaitza aberatsagoa irtengo da", Agirreren esanetan. Eta herriko ondarea ondo katalogatuta izatearen garrantzia azpimarratu du alkateak: "Alde batetik, memoria kolektiboa behar dugu; garrantzia eman behar zaie gauzei. Pertsona eta pentsaera guztiak ez dira berdinak, baina gauza batzuk denontzako dira, eta, agian, bateren batek bere lursail partikularrean dagoen zerbaiti ez dio baliorik ematen baina sekulako balioa izan dezake. Adibide bat jartzearren, badauzkagu zuhaitz batzuk legeak babestuta daudenak, espezie bereziak direlako; eta jabe askok ez dakite, esaterako, hagina bat ezin dela ukitu".
Momentuz, dokumentu batean jasota eta babestuta dituzte herriko hainbat iturri, zubi, bide, errota eta baserri. Adibidez, katalogatuta dute Ipizteko harria – Tellamendi goian dagoen hilarri bat da–, baina beste asko ez daude katalogatuta, eta hori osatzea da oraingo asmoa.
Ondarearen katalogazioa egiten dutenean, Hirigintzako Planteamenduarekin batera eramango dute dokumentazio hori guztia legalizatzera.