Emakumeen Nazioarteko Eguna izango den Martxoaren 8a antolatzeko bilera deitu zuten Aramaioko Feminista Taldeak eta Iturzuri emakume taldeak, eta, talde horietako kideez gain, beste herritar batzuk ere batu ziren bilerara. Guztira, bederatzi lagun inguru elkartuta, eguneko egitaraua landu eta lanak banatuta dituzte.
Martxoaren 8ko aldarrikapenak
Hausnartu dute ea zer aldarrikatu nahi duten egunaren bueltan, kontuan izanda herri txiki batean bizi diren emakumeak direla, eta gai hauei heldu nahi dietela esan du talde feministako Sonia Etxenausiak: "Alde batetik, zaintza eta bizitzako hainbat fasetan dauzkagun arduren eta beharren inguruan hausnartu nahi dugu; beste alde batetik, emakumeen arteko belaunaldiarteko harremanei buruz ere jardun nahi dugu; horiek sustatu eta indartzearen garrantziaz".
Bi gai horiek irten ziren bileran, eta bai ikusi zuten azaroaren 30eko greba feministan egin ziren dinamikek eta solasek ere jarraipena izango dutela Martxoaren 8an.
Iturri-poteo feminista
Egitarauaren xehetasunak aurrerago emango dituzte, baina orain dela zazpi urte egin zuten iturri-poteo feminista berreskuratuko dute: "Pentsatu dugu herriko emakume eta neska desberdinen ekarpenak entzuteko espazioak sortzea herriko iturri bakoitzean. Ekofeminismotik egiten ari garen lanketari zentzua ematen dio urak berak edo naturak, eta Iturzuriren izena ere iturrietatik dator".