Herriko memoria historikoa jasotzeko asmoz, lehen bilera egingo dute

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko ots. 14a, 10:46

'Gatzaren errebelioiko' gudariak, Tantaibakargo posizioa defendatzen. (Argazkia: Jose Antonio Urgoitia eta Felisa Akarregiren artxibo argazkia).

Julen Arriolabengoa idazle aramaioarraren gidaritzapean, eta Udalaren laguntzarekin, herritarren ekarpenak jaso nahi dituzte, Aramaioko memoria historikoa jasoko duen liburu bat argitaratzeko. Lehen bilera irekia eguaztenean egingo dute, udaletxean.

Aramaion 36ko gerrak utzi zituen eraginak eta ondorioak zeintzuk izan ziren jasotzen dituen ikus-entzunezkoa osatu zuen Julen Arriolabengoa (Aramaio, 1960) idazleak. Horretarako, Ahotsak. eus-en dauden Aramaioko hainbat bizilagunen testigantzekin osatu zuen kontakizuna, eta abenduan aurkeztu zuen herrian. Horrekin batera, testuinguru historikoa azaldu zuen Intxorta 1937 Kultur Elkarteko Juan Ramon Garaik hitzaldia egin zuen.

Horren ondoren, herritar talde batek proposatuta eta bertako memoria historikoa jasotzeak daukan garrantzia ikusita, orain, Udalak herritarrendako bilera irekia deitu du, Aramaioko memoria historikoa jasotzeko lantaldea osatzeko helburuarekin. Hauxe adierazi du Libe Ramila zinegotziak: "Garrantzitsua da herriko memoria historikoa jasota gelditzea, idatziz eta dokumentatuta. Gure bilaketa propioa egin nahi dugu, eta, horretarako, gaiaren inguruan interesa dutenak, informazioren bat dutenak, materialen bat duenak edota laguntzeko prest daudenak gonbidatu nahi ditugu bilerara". Hilero batzeko asmoa dute, eta, Julen Arriolabengoaren gidaritzapean, jasotako materialarekin liburu bat osatzeko.

Lehen bilera irekia eguaztenean egingo dute, hilak 19, osoko bilkuren aretoan, 17:00etan.

Lanean hasita

Talde txiki batek dagoeneko egin ditu lehen bilerak udaletxean, eta, aurrerantzean, herritar guztiei zabaldutakoak egiteko asmoa dute. Arriolabengoak adierazi du dagoeneko lanean hasita daudela: "Bibliografia mordoa dago, eta hori guztia kontsultatzen hasiak gara dagoeneko. Artxiboak ikuskatzeko asmotan, udaletxekoa aztertzen hasten jarri gara. Gainera, Intxorta 1937ren bitartez, badakigu nola lortu Salamancan eta Ferrolen dauden dokumentuak eta abar. Gauza asko dago egiteko, baina lanean hasita gaude".

Arriolabengoak azpimarratu du lanean hasita dauden arren herritarren ekarpen guztiak izango direla ongietorriak: "Alde batetik, herritar talde bat osatu nahi dugu lanketa horretarako; beraz, interesa duenarentzat, lana badago. Laguntza instituzionala ere badaukagu Udalaren aldetik. Eta, bestetik, etxean edota inguruan dokumentazioren bat duenak bere ekarpena egin dezake: argazkiren bat ekarriz, gerra garaiko talde politiko bateren bateko txartelen bat ekarriz...". Helburua da liburu "erabilgarria" argitaratzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak