"Herriaren eta mendien defentsan" irtengo dira 'Aramaixo bizi-bizi' egunean

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko ots. 13a, 11:19

'Aramaixo bizi-bizi' eguna antolatzen diharduten hainbat herritar. (Argazkia: 'Aramaixo bizi-bizi'-ren antolakuntza taldea).

Aramaixo Bizirik taldeak antolatuta eta herriko hainbat eragileren laguntzarekin, Aramaixo bizi-bizi eguna ospatuko dute zapatuan. Egun osoko egitaraua prestatu dute eta 13:00etan egingo dute manifestazioa eta ekitaldia, frontoitik hasita.

Martitzenean elkartu zen azkenekoz, zapatuan ospatuko den Aramaixo bizi-bizi egunaren antolakuntza taldea, eta dagoeneko guztia prest dute egun handirako. Aldarrikapen eguna izateaz gain, orain ospakizun eguna ere bilakatu da, Itsaraz proiektuak Espainiako Gobernuaren ezezkoa jaso ostean. "Gure herriaren eta mendien defentsan" ospatuko dute eguna, eta hau gaineratu dute taldekideek: "Gure herriaren eta mendien defentsan borrokan jarraituko dugu, landa-eremuan bizitza duin baten alde eta Aramaio bizigarri baten alde".

Aramaixo Bizirik elkartea da bultzatzailea, eta herriko hainbat eragileren laguntzarekin atera dute aurrera eguna; izan ere, alboan izango dituzte, besteak beste, talde hauek: Lagun Artean Dantza Taldea, Trikikalejira Trikiti Taldea, Bertso Eskola, Orixol Mendi Taldea, Alaiak Jubilatu Elkartea, Talde Feminista, Iturzuri Emakumeen Elkartea, Gazte Asanblada, Papargorri abesbatza, Aramaixoko Antzerki Taldea, Aramaixo Herri Eskola, Aramaioko Udala eta hainbat norbanako –abeslariak eta artistak, esaterako–.

Egun osoko egitaraua

Mendi buelta didaktikoarekin hasiko dute eguna, 09:00etan frontoitik aterata, 09:30ean Azkoagatik igaroko dira eta Ganborraldera joango dira. "Dantza taldeak emanaldi txiki bat egingo du han, eta salbatu gaituzten hegaztiei buruzko azalpenak emango ditu aditu batek", adierazi du Aramaixo Bizirikeko Beñat Agirrek.

Mendira joan ezin direnendako gosari-tertulia izango da, ekologismoaz hausnartzeko, 11:00etan jubilatuen elkartean, adin guztietakoendako.

Manifestazioa eta ekitaldia egingo dituzte 13:00etan, frontoitik hasita, Gure herriaren eta mendien defentsan lelopean. Manifestazioak hiru geldiune izango ditu, antzerki taldearen eta bertso eskolakoen emanaldi laburrekin. Bukaeran, Bizente Goikoetxea plazan egingo den ekitaldian, Papargorri eta dantza taldea ere batuko dira.

Eskolako jangelan bazkalduko dute gero; 120 txartelak salduta daude. Eta bazkalostean kantuan eta dantzan egingo dute, baita jolas egin ere.

21:00etan, berriz, kontzertuak izango dira: Zero, Harrikada eta Bat Bat Bi taldeak eta DJ Tigers Brothers. Agirrek herritarrak animatu nahi izan ditu: "Jendea etor dadila parte hartzera, oso ondo pasako dugu eta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak