Udal Gobernuaren "kudeaketa ekonomiko irregularra" salatu du EAJk

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ots. 11a, 15:11

Aramaioko udaletxea, artxiboko irudi batean.

Jeltzaleen hitzetan, kultur etxeko bi langilek hamabi urte daramatzate lan kontraturik gabe jardunean, eta euren egoera zertan den jakin nahi dute. Udal Gobernuak gaurkoan ez du adierazpenik egingo.

Udal Gobernuaren "kudeaketa ekonomiko irregularra" salatu du Aramaioko EAJk, kultur etxeko langileen ustezko lan egoera gogoan izanda, ohar baten bidez: "Kultur etxea kudeatzen duen enpresak, Ostadar S.C.-k, fakturak jaulkitzen ditu 2014tik inolako kontraturik gabe. EH Bilduk hamabi urte daramatza kontratua lizitaziora atera gabe, idazkari-kontu-hartzaileak behin eta berriz eragozpen-txostenak egin arren". Haren hitzetan, "dirudienez", Udal Gobernuak aldi horretan "ez du astirik izan edo ez da gai izan legeak eskatzen duena egiteko".

EAJk urtarrileko ohiko osoko bilkuran atera zuen gaia udalbatzarrean, kultur etxeko bi langileen egoeraren txosten juridikoak –kanpokoak zein barnekoak– eskatu baitzizkion Alberto Amenabar bozeramaileak Udal Gobernuari eta, era berean, egoera konpontzeko zein pausu eman diren jakin nahi zutela. Puntu horretara iristeko, ordea, aurrekariak zeuden: "Egoera hori salatzen duten idazki anonimo batzuekin lehertu da hori guztia duela gutxi, EAJk ezagutzen ez zuena, eta, jakina, ez dugu parte hartu horri buruz hartu diren eta hartzen ari diren erabakietako batean ere. Antza denez, EH Bilduko gobernu taldearen eta langile horien artean negoziazioak izan dira, baina, nonbait, negoziazio horien hausturak agerian utzi du egoera hori guztia".

Hala, azkenik, jeltzaleek azpimarratu dute "hipokrita" dela "EH Bilduk hamabi urtez bi langile kontraturik gabe mantentzen dituen jarrera, eta, aldi berean, lan-baldintza duinen defentsaren eta emakumeen lan diskriminaziorik ezaren bandera jasotzea". 

Asier Agirrek, Aramaioko alkateak, GOIENAri jakinarazi dio gaurkoan ez dutela adierazpenik egingo: "Guk egingo dugu gure balorazioa eta aurrerago erantzungo dugu".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak