Aramaioko bigarren Bertso Eguna ospatu dute

Gontzal Belategi Zubia 2025ko ots. 8a, 13:11

Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketaren lehen fasearen baitan, Aramaioko bigarren Bertso Eguna egin dute, Sastiñan. Kuadrilla Artekoan parte hartuko duen Izena Pentsau Bida 2 taldea aurkeztu dute bertan.

Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa martxan da dagoeneko. Txapelketaren lehen faseak talde ezberdinen aurkezpenak egin eta bertso egunak antolatzeko helburua du. Bide horretan, atzo, egubakoitza, egin zuten Aramaioko bigarren Bertso Eguna.

Manex Agirre, Gari Arexolaleiba, Aitor Ugarte, Eñaut Olaziregi, Iraide Onaindia, Olatz Zuazubiskar, Iker Elexpuru, Maialen Torres eta Gillen Agirrek osatutako Izena Pentsau Bida 2 taldea aurkezteko baliatu zuten eguna. Hala ere, taldea ez zen bakarrik egon oholtzan, bertso eskolako ikasle gazteek osatutako Izena Pentsaute Dau taldea izan zuten eta lagun aurkezpenean.

Heldu zein gazte erritmo txukunean ibili ziren bertsotan, Olatz Zuazubiskar gai-jartzailearen esanei jarraituz. Askotariko gaiei erantzun behar izan zieten bertsolariek: Mihiluzeko imintzioak ezin asmatuta ibili ziren, Londresen kontzertu bat ikustea ezbaian jarri zuten edo sorosle arduratsu eta arduragabeen eztabaida eman zen, besteak beste.

Bertsolaritza osasuntsu

Aramaioko hiru talde aurkeztu dira Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketara, herrian bertsolaritza osasuntsu dagoela frogatuz. Izena Pentsau Bida 2 taldeaz gain, Bañera F.T. (Martin Abarrategi , Xabi Igoa, Danel Herrarte, Jokin Onaindia, Ane Arexolaleiba, Txomin Elorza, Jon Herrarte eta Ane Zuazubiskar) eta Aramaixoko Taluek (Peru Abarrategi, Andere Arriolabengoa, Txomin Abarrategi, Anitz Abarrategi, Hegoi Azkarate, Sabin Abarrategi, Mikel Ruiz de Azua, Unai Etxenausia eta Mikel Ullibarriarana) dira beste bi taldeak. "Belaunaldi asko batzen gara taldeetan. Denon artea banatzen gara eta talde politak irteten dira" adierazi du Izena Pentsau Bida 2 taldeko bertsolari den Gari Arexolaleibak.

Oraina bermatuta izateaz gain, Izena Pentsaute Dau taldearen parte hartzeak etorkizuna ere badagoela frogatu zuen Sastiñan. "Gazte asko ikusi ditugu gaur kantuan. Gure ostean jende berria etorriko da, eta pozik gaude" adierazi du Eñaut Olaziregik, Izena Pentsau Bida 2 taldeko kideak.

Ezohiko txapelketa

Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa ez da bertsolaritzan ohikoenak izaten diren banakako txapelketen gisakoa. Taldeka osatzen da, baina, talde hauek ez dira soilik bertsolarienak; gai-jartzaileak, epaileak eta bestelako laguntzaileak ere taldearen parte izaten dira. Honek, bertsolaritzaren sarea zabaltzeko aukera ematen die bertsozale arabarrei, eta baita dibertitzekoa. "Adin ezberdinetako taldeak gara, eta horrela gazteok asko ikasten dugu helduagoengatik. Asko dibertitzen gaitu", azaldu du Olaziregik. "Taldeak ez ditugu irabaztera joateko egiten, ondo pasatzeko eta bertso eskolan loturak sortzen joateko egiten ditugu" gehitu du Arexolaleibak.

Hurrengo saioak

Aramaixoko Taluek taldeari egokituko zaio azken aurkezpena egitea. Otsailaren 14an Legution ospatuko den Gorbeialdeko Bertso Egunean izango da. Lehen fase hau bukatuta, finalerdietan kantatu beharko dute Aramaioko hiru taldeek. Bañera F.T. izango da lehena kantuan. Otsailaren 28an kantatuko dute, Narbaizan, 4 gara (Lautada) eta Ganbarakoak (Añana) kuadrillekin batera.

Hurrengoak Izena Pentsau Bida 2 taldea izango dira. Martxoaren 9an izango da hauen txandan, eta Aramaion kantatuko dute Txandrio (Arabar Errioxa), Inkostantinkoplan potoz poto (Gasteiz) eta Pintto Pintto (Gasteiz) kuadrillekin batera. Arexolaleibak azaldu duenez, pozez hartu dute Aramaion kantatzeko aukera: "Herrixen jokatuta indarra berezia da, eta motibazioa baita". Aramaixoko Taluek izango da finalerdietan kantatzen azkena. Martxoaren 23an izango da, Gillernan. Hauekin batera Gorringo (Gasteiz),  Errexala (Gasteiz) eta Arlobiko bardoak (Urkabustaiz-zuia, Gorbeialdea) izango dira kantuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak