Belaunaldi ugari irtengo dira elkarrekin santa-eskean

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko urt. 30a, 09:23

Haur, gazte zein nagusi kantuan, santa-eskean irteteko egindako entseguetako batean. (Argazkia: Larraitz Arriolabengoa).

Etzi, zapatua, irtengo dira, 10:00etan, Bizente Goikoetxea plazatik, santa-eskean joateko. Baserriz baserri arituko dira goizean, bi taldetan banatuta, elkarrekin bazkalduko dute, eta arratsaldean Ibarran jarraituko dute guztiek batera abesten.

2013an hasi zuten formatuari jarraipena emango diote aurten ere Aramaion zapatuan, santa-eskean irteteko. Izan ere, ordura arte, Bizente Goikoetxea abesbatzako kideak ateratzen ziren kantuan, eta 2013an antolakuntza-erreleboa hartu zioten herriko beste talde hauek: Papargorri abesbatzak, Bertso Eskolak, Alaiak kantu taldeak eta Trikitixa Elkarteak. Ordutik hona, haur, gazte zein nagusi, baserritar jantzita, guztiak batera irteten dira kantuan, baserriz baserri, santa-eskean. 

Papargorri abesbatzako zuzendari Larraitz Arriolabengoak, hain justu ere, hori azpimarratu du, "belaunaldi askotako jendea elkarrekin" irteten dela santa-eskean orain: "Bertso Eskola, abesbatzak eta trikiti eskola horri buruz hausnartzen hasi ginenean, helburua zen jende berria erakartzea ekimenera, eta, elkarte horiek umeak eta umeen familiak erakartzen dituztenez, ekimena gaztetzea lortu dela uste dut. Nerabeak ere etorriko dira. Gainera, herri moduan elkartu gaitezkeen modu onenean elkartzen gara: kantuan eta bazkarian".

"Indartzen" doan ekimena

Arriolabengoak gaineratu du "indartzen" doan ekimena dela: "Herri ekimen hau urtetik urtera indarra hartzen dabil. Aurten, astebetean bete ziren bazkarirako lekuak; Iturrieta sagardotegian 60 lagunendako lekua erreserbatu genuen, eta, azkenean, 69 izango gara". 

Bi entsegu egin dituzte, batez ere, ekimenean parte hartuko duen jende berriarendako. Izan ere, urtero abesten dituzten Santa Agedako kantuak eta koplak kantatuko dituzte aurten ere, baserriz baserri.

Bi taldetan banatuta

Bizente Goikoetxea plazan elkartuko dira zapatuan, 10:00etan. Eta talde-argazkia atera ostean, bi taldetan banatuko dira eta bakoitzak ibilbide bat egingo du: talde bat Matxinkalera eta Eguzkierripa ingurura joango da, eta bestea, berriz, Zalgo, Errotabarri eta Arragarantz. Gero, guztiak bazkaltzeko elkar- tuko dira sagardotegian, eta arratsaldean kalean jarraituko dute kantuan.

Bertso Eguna ere bai

Aurten, herriko hiru talde aurkeztu dira Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketara, eta horietako bat den Bañera FT taldeko bertsolarien aurkezpen egun bezala baliatuko dute santa-eskeko eguna. Hala, bertsolariek baserriz baserri bertsotan jardungo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak