Zer duzu gustuko Nikaraguatik?
Nire herrialdetik gehien gustatzen zaidana borrokarako daukan kemena da. 70eko hamarkadako gerra, 80. hamarkadako iraultza...eta gerraostea bizi izan du. Borroka eta erresilientziarako espiritua izan du beti, eta baita bizitza hobe bat bilatzeko indarra ere. Prozesu sozial hori da gehien maite dudana.
Bestalde, asko gustatzen zait jendeak maitasuna adierazteko duen erraztasuna; besarkadak ematekoa, elkar maitatzekoa...dagoen komunitate sentimendua, eta jende helduarekiko errespetua eta maitasuna. Baita bertako natur ondarea ere.
Haurtzaroan nola eragin zizun Nikaraguak bizi zuen gatazkak?
Iraultzak asko markatu zidan bizitza. Nire familia oso iraultzailea izan da beti, oso ezkertiarra; gerrilariak izan dira asko. Nire ama gerrilako buruzagi militar garrantzitsu bat izan zen; gerrilaria izan zen 12 urte zituenetik, eta nik bera 10 urte nituenean ezagutu nuen. Aita, berriz, 14 urte nituela, gerraosteko egoera zela eta. Amonak hazi ninduen. Gure familiak baliabideak bazituen, baina gose asko eta miseria asko zegoen. Ondo gogoratzen dut nolako bortizkeriarekin sartu zen kapitalismoa ere. Inpaktu handia eragin zidan. Merkatua zabaldu egin zen, eta bat batean produktu asko sartu ziren kanpoko herrialdeetatik. Jendea etengabe erosten hasi zen, sekulako zorrak pilatu arte. Koloretako telebistak genituen, hau, bestea... baina zorrak ere bai. Geroz eta jende gehiago zegoen kalean bizitzen, geroz eta pobrezia gehiago... Liberalak sartu zirenean izan zen, dena pribatizatu zutenean. Gauza material gehiago izateak ez du esan nahi hobeto bizitzea.
Nola aldatu zitzaizun bizitza liberalek agintea hartu zutenean?
Gogoan dut 80. hamarkadan, umea nintzela, gaueko 00:00ak arte egon nintekeela kalean, lasai asko. Nire amona ez zen kezkatzen. Batzuetan motxila hartzen nuen, eta kilometroak egiten nituen bakarrik. Eta jendeak etxera eramaten ninduen gero, ezagutzen ninduelako. Baina liberalismoa sartu zenean segurtasun eza ere iritsi zen; prostituzioa, zorrak, hiper kontsumoa, El Salvador, Honduras eta Guatemalatik etorritako gaizkile taldeak...
Zer ikasketa egin zenituen?
Beka bat lortu nuen, eta Kubara joan nintzen medikuntza ikastera. Bertan egon nintzen zortzi urtez. Gero, Nikaraguako urrutiko eremu batean ibili nintzen mediku lanetan; sarbide zaileko eremua zen, pobrezia askokoa, eta mediku gehienek ez zuten nahi bertara joan, baina nik eremu zailetan lan egin nahi nuen. Nire kontsulta zabortegi handi baten ondoan zegoen. Kapitalismoaren beste ondorio bat zen: jendea bizi zen zabortegien ondoan.
Zer egin zenuen gero?
Hondurasko iraultza hasi zenean, Erresistentzia Popularreko Fronte Nazionala babestera joan nintzen hara, estatu kolpea eman zutenean. Herria babestera joan nintzen, martxetan parte hartzera. Hala ere, laster irten behar izan nuen, Hondurasko armadako polizia jarraika hasi zitzaidalako. Geroago berriro sartu nintzen Hondurasen, Europako motxiladun bidaiari baten plantak eginez. Orduko hartan, mediku gisa hasi nintzen Hondurasko iraultzan zauritutakoei edo gaixorik zeudenei arreta ematen. Mugimendu sozialen buruzagiak artatzen genituen ospitale batean; ospitale arruntetara joaten baziren, atxilotu egiten zituzten. Nikaraguara bueltatu nintzen gero. Ondoren, Haitira joan nintzen.
Zer egin zenuen Haitin?
Haitiko lurrikara izan zen garai hartan, eta bertan laguntzen ibili nintzen, bi urtez. Kolera ere agertu zen garai hartan Haitin, eta lankide kolonbiar bat eta biok izan ginen gaixotasun hori Haitin diagnostikatzen lehenak. Horren ondoren, Argentinara joan nintzen, eremu gatazkatsuetan bizi ziren gazteei arreta ematera. Amazonian ere izan nintzen lanean, eta Ekuadorren gero; beti laguntza humanitarioaren baitan. Han ezagutu nuen gerora nire bikotekidea izango zen neska euskaldun bat.
Berarekin etorri zinen Euskal Herrira?
Lehenengo El Salvadorrera joan nintzen denbora batez, eta gero Nikaraguara. Nikaraguan urtebete egin genuen batera, eta azkenean Euskal Herrira etortzea erabaki genuen.
Nolakoak izan ziren zure lehen hilabeteak Euskal Herrian?
2014 inguruan iritsi nintzen hona, eta gaixorik zegoen gizon bat zaintzen ibili nintzen lehenengo hilabeteetan, paperak egin bitartean. Elkar asko maite genuen arren, ez genuen ezkondu nahi, baina egin behar izan genuen, paperak lortu eta mediku gisa lan egin ahal izateko. Azkenean, mediku titulua baliozkotu zidaten, eta DYAn lan egiten hasi nintzen. Nire lehenengo soldata hemen izan nuen, ordura arte boluntario gisa egiten bainuen lan. Mantenurako beharrezkoak ziren baliabideak ematen zizkidaten normalean boluntario lanetan. Baina pozik bizi nintzen; beharrezkoa zen guztia neukan, eta lagun asko. Ez nuen gehiagorik behar.
Asko bidaiatu izan duzu Hego Amerikan zehar. Nolakoa izan zen aldaketa Europara iristean?
Aldaketa handia izan zen. Gogoan dut oporretara etorri nintzela lehenengo, Bartzelonara, lagun baten etxera. Bere bizilagun batekin elkartu ginen atartean, eta nor zen galdetu nion. Erantzun zidan ez zekiela, duela bost urtetik bere aurrean bizi zen arren. Asko harritu ninduen, hori Hego Amerikan pentsaezina delako. Ez da inoren errua; baina kultura oso ezberdinak dira. Hemen bizi nintzenean ere, nire auzokidea gaixorik jarri zen, eta salda eraman nion. Harriduraz hartu zuen, ez zuen ulertzen. Baina niretzako oso gauza arrunta zen.
Euskaldunak: elkartasuna eta zintzotasuna, bertute nagusiak
Euskaldunei dagokienez, harritu egin zuen Mendoza maitasuna adierazteko moduak; "Niretzako, arraroa zen hasieran jendeari besarkadarik ez ematea, Nikaraguan guztiz ohikoa delako". Hala ere, uste du euskaldunak "oso leialak" direla: "Zailagoa da hemen lagunak egitea, baina behin euskaldun baten laguna eginda, oso lotura estua eta leiala sortzen da. Gainera, gehien gustatzen zaidan gauzetako bat euskaldunen zintzotasuna da, batzuetan mingarria egin zaidan arren".
Bestalde, euskara mantentzeko euskaldunek egindako lana miresten du Mendozak: "Nire herrialdean, adibidez, nahualt eta subtiaba izeneko gure hizkuntzak galdu ditugu, eta euskara bizirik mantendu dute, izan dituzten oztopo handien gainetik". Azkenik, euskaldunek beste herrialde batzuekiko daukan elkartasuna azpimarratu du: "gauza handia da".