Gazte gara gazte

Zihara Etxebarria: "Ekoiztetxeak sen artistikoa ateratzeko aukera ematen dit"

Julen Murua Mesonero 2025ko urt. 17a, 14:00

Zihara Etxebarria aramaioarra.

Donostian bizi da gaur egun Zihara Etxeberria (Aramaio, 2006); izan ere, duela bi urte hasi zen han Psikologiako gradua ikasten. Azterketa garaia da harentzat, baina hartu du tarte bat GOIENArekin egoteko. Ikasketez ez ezik, arlo akademikotik kanpo egiten duenaz ere mintzatu da Etxebarria; izan ere, Peryferyka ekoiztetxeko kideetako bat da.

Azterketa garaian harrapatu zaitugu; zer moduz doaz Psikologia graduko ikasketak?

Primeran! Dagoeneko graduko bigarren urtean nago, eta, poliki-poliki, geroz eta sakonago ari gara psikologiaren alor askotan murgiltzen. Oraingoz, esango nuke nortasunaren eta garapenaren psikologia direla nire interesgune nagusiak, baina, edozelan ere, psikologiaren adar gehiago ezagutzeko irrikaz nago.

Espektatibak betetzen ari dira?

Guztiz! Eta ez bete bakarrik, baita gainditu ere. Gradua aukeratzeko orduan zalantzak eduki nituen arren, orain oso harro nago hartutako erabakiaz, bai unibertsitatean bertan, baina baita fakultatetik kanpo ere; lagunen artean sortu dugun giroa ez nuke ezerekin aldatuko.

Etxetik datorkizu Psikologia ikasteko grina, ezta?

Bai, hori da. Familian bertan psikologo lan egiten duen jendea edukitzeak eta haiekin gaiaz hitz egiteak piztu zidan Psikologiako gradua ikasteko grina. Gainera, ikasketa horiek egiteko hautua egin nuenean ere haien babesa izan nuen momentu oro, eta hori eskertzekoa da.

Peryferyka ekoiztetxeko kide zara; zertan oinarritzen da egiten duzuen lana?

Gaur egun, ikus-entzunezkoen ekoizpenean ari gara lanean, eta, batik bat, film laburrak egiten ditugu. Hala ere, etorkizun hurbilera begira, badugu beste proiektu batzuetan lanean hasteko asmoa. Ekoiztetxearen baitan, Arianak eta biok sarritan dihardugu kamera aurrean antzezten; Danik, aldiz, postpro- dukzioan egiten du lan.

Hortaz, sormenerako tokia ere baduzu zure egunerokoan.

Hala da, bai. Ekoiztetxeak sen artistikoa ateratzeko aukera ematen dit. Esan beharra daukat antzeztea ez ezik idaztea ere oso gustuko dudala, eta hainbatetan gure film laburren gidoiak idazteko ardura ere hartu izan dut, sormenari bidea zabaltzeko.

Zaletasun bezala ikusten duzu ala etorkizuna horri bideratuta irudikatzen duzu?

Ikus-entzunezkoen mundua nire zaletasun nagusietako bat da, eta, hala izaten jarraitzen duen bitartean, beti egingo diot tokia etorkizunean. Edozelan ere, baliteke denbora aurrera joan ahala zaletasun hutsa izan ordez nire bizitzako atal handi bat hura izatea, eta, egia esatearren, ez dut aukera hori baztertzen.

 

MOTZEAN

Janari gustukoena? Amonaren intxaur-saltsa.

Mendia ala hondartza? Mendia.

Parranda ala Netflix? Parranda.

Patata-tortilla, tipularekin ala barik? Tipularekin.

Abesti bat? Suneren Muxu bana.

Bidaiatzeko toki bat? Islandia.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak