Araba mailan, eta ondorioz, Aramaion, paper-kartoien edukiontzien bilketa zerbitzua Arabako Foru Aldundiak kudeatzen du, horretarako kontratatuta duen enpresaren bidez. Errefusa, ontzi arinak eta tamaina handiko hondakinen bilketa, berriz, Gorbeialdeko Kuadrillak kudeatzen du Aramaioren kasuan, eta Grupo Daorje enpresari esleituta daude hondakinen bilketako kontratu guztiak, nahiz eta administrazio kontratatzailea berdina ez izan.
Udaletik salatu dute enpresa horrek langileekin duen lan-gatazkaren ondorioz, Aldundiak kudeatzen duen paper-kartoien bilketa zerbitzuaren kalitatea "oso-oso eskasa" izaten ari dela, eta kontratuaren "ez betetze ugari" ematen ari direla. Hauxe adierazi dute: "Besteak beste, enpresak bete beharreko baldintzetan, ez betetze ugari ematen ari dira, hala nola, bilketa maiztasunetan, edukiontzien konponketa edota birjartzeen beharretan, edukiontzien inguruko garbiketetan, etab".
Egoera horren ondorioak, herritarrek jasan behar izaten dituztela gaineratu dute "edukiontziak gainezka, kaleak zikin, etab." daudelako, eta aitortu dute "onartezina den puntura" iritsi direla askotan.
Konponbide bila
Zentzu horretan, Aramaioko Udala "bere esku dagoen guztia" egiten ari dela esan dute: "Gure udalerrian identifikatzen ditugun gertakari guztiei ahalik eta arinen konponbide bat eman nahian, gure esku dagoen guztia egiten gabiltza. Horretarako, daukagun bide bakarra, Aldundiari erreklamazioak helaraztea da, era berean, Aldundiak enpresari eskatu diezaion jaso gabeko edukiontziak ahalik eta lasterren jasotzeko". Egoera hori "zoritxarrez" Gorbeialdeko eskualdeko osoan "orokorra" dela esan dute, eta baita Araba mailan ere. Horrek "herritarrengan sortzen duen haserre, amorru eta etsipenaz jabe gara, eta konponbidea emateko dagokienei etengabe exijitzen ari gara, eta horrela egiten jarraitzeko konpromisoa dauka Aramaioko udalak", adierazi dute.
Paper-kartoien edukiontzien bilketa zerbitzuari dagokionez, soilik 2024 urtean zehar, Aramaioko udaletik, Arabako Foru Alundiko arduradunekin harremanetarako bide ezberdinetatik, hemezortzi erreklamazio helarazi dira edukiontzi ezberdinak jasotzera pasa daitezen eskatzeko, eta "egoera zuzentzen ez dela ikusita, Aramaioko udaletik, kexa formal bat jartzeko lanean ari gara", azaldu dute.