Arabako txotx irekiera ofiziala egingo dute eguenean, hilak 16, Aramaioko Iturrieta sagardotegian, eguerdian. Euskal Herriko Haziak elkarteko kide batek zabalduko du txotxa, eta greñas motako sagar-hazia landatuko du. Ekitaldira gonbidatuta daude Diputazioko ordezkariak, Jaurlaritzakoak eta beste lurralde batzuetako sagardogileak. Aramaioko Iturrieta sagardotegiko Juanjo Peciñak adierazi du eurendako "ohorea" izango dela aurten eurenean zabaltzea txotx denboraldia: "Ohorea da guretzat. Arabako sagardogileok bertako sagardoa eskainiko dugu eta Hazien elkartekoek izango dute lehenengo dastatzeko aukera. Sagardogileok oso lotuta gaude elkarte horri, haziekin lan egiten dugulako, eta lotura estua daukagu euskal sagar motak zabaltzeko eta mantentzeko lanean. Gainera, Nafarroatik, Bizkaitik, Gipuzkoatik eta Iparraldetik ere sagardogileak etorriko direnez, elkarrekin egoteko eta kupeletako sagardoa dastatzeko momentu polita izaten da". Bezeroendako hurrengo egunean, hilak 17, zabalduko dituzte kupelak.
Aurtengo uzta
Iazko uzta "oso berezia" izan zela adierazi du Peciñak, eta, zuhaitzek normalean bi urtean behin ematen dutenez uzta potoloa, aurtengoa kantitate aldetik baxuagoa dela zehaztu du: "Aurten, iaz baino uzta txikiagoa izan dugu, baina normaltasunez hartzen dugu, horrela izaten delako". Iaz, 22.000 litro ekoiztu zituzten Iturrietan, eta aurten, 20.000; horietatik, 15.000 litrorekin sagardoa egin dute eta 5.000rekin sagar-zukua.
Hamabi sagar mota
Guztira, hamabi sagar mota erabili dituzte eta gehienak mota hauetakoak direla azaldu du: errezil-sagarra, goikoetxe, gezamina, txalaka eta moko.
Sagardo "ona"
Aurtengo sagardoa nolakoa izango den galdetuta, hauxe erantzun du: "Ezaugarri zehatzak zeintzuk izango diren jakiteko, pixka bat gehiago itxaron behar da. Kontuan izan behar da sagardoak garapena izaten duela eta aldatzen joaten dela egunez egun. Guk, gainera, ekologikoa egiten dugunez, ez dugu ezer ukitzen; beraz, naturak bere bidea egiten du. Baina txotx denboraldia zabaltzear dagoenean, egunero dastatzen dugu, enologoekin batera, eta aurten sagardo ona dator; azken hilabeteotan ikusten ari garenaren arabera, oso itxura ona dauka".
Erreserba ugari
Iturrietan dagoeneko uztailera bitarteko zapatu eguerdi guztiak erreserbekin beteta dituzte: "Ohiturak aldatu egin dira eta orain hori gertatzen da", esan du Peciñak. Baina gainontzeko momentuetarako erreserbak zabalik dituzte. Aurten, sagardoen hamaika depositu dituzte, eta horien artean desberdintasunak beti egoten direla aitortu du Peciñak: "Batzuk lehenago heltzen dira, beste batzuk geroago... Kupeletan sagardo desberdinak dastatu ahalko dira".
Gaineratu du txotx garaiko "magia" mantentzen dutela eurenean, sagardotegietako menu tradizionalak eskaintzen eta txotx denboraldian sagardoa kupeletatik dastatzeko aukera emanaz. Gogoz dago denboraldi berriari ekiteko eta bezeroek sagardo berria dastatzeko.