36ko gerrak Aramaion utzitakoa, bideoan jasota

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko abe. 20a, 09:35

'Gatzaren errebelioiko' gudariak, Tantaibakargo posizioa defendatzen. (Argazkia: J.A. Urgoitiaren eta F. Akarregiren artxiboa).

'Ahotsak.eus'-en dauden Aramaioko hainbat bizilagunen testigantzak batu ditu ikus-entzunezko batean Julen Arriolabengoa idazle aramaioarrak. Bertan, Espainiako gerrak herrian utzi zuenaz jardun dute lekukoek, bizi izan zutena gogora ekarrita.

Aramaion 36ko gerrak utzi zituen eraginak eta ondorioak zeintzuk izan ziren jasotzen dituen ikus-entzunezkoa osatu du Julen Arriolabengoa (Aramaio, 1960) idazleak.

Horretarako, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzen dituen Ahotsak.eus proiektuan parte hartu zuten hainbat aramaioarren testigantzak erabili ditu.

Proiektuaren hasiera

Lan hori nolatan egin duen galdetuta, hauxe erantzun du Arriolabengoak: "Batzuetan, gauza batzuk ez dakizu nola irteten diren, barruan daude, eta, halako batean, irten egiten dira. Nik gerra garaiko kontuak beti entzun izan ditut etxean, eta beste gauza batekin ere konturatuta nengoen: aspaldi hil ziren gure aitona-amonek-eta gerra denborako kontuei buruz ez zutela nahi izaten askorik berba egin, eta beti hori ahaztu nahian ibiltzen ziren. Hori barrenean zegoen".

Gaineratu du pandemia garaian norbaitek esan ziola Arangioko gurutzea falta zela; gurutze hura jarri zuten, Kruzeta eta Arangio aldean hildako ugari utzi zituzten borrokak izan zirelako. Errekete batailoi bat ia osorik hil omen zuen miliziano bakar batek, eta gurutze hura jarri zuten errekete haien oroigarri. "Eta hasi nintzen pentsatzen gurutze hura zer zen, eta orduan etorri zitzaizkidan etxekoek eta ingurukoek kontatutako istorioak. Eta tiraka hasi nintzen, informazio bila", esan du.

Orduan, hainbat lekutara jo zuen Arriolabengoak: liburuetara, Internetera, artxiboetara… Eta Ahotsak.eus topatu zuen. "Horren berri ere baneukan, baina kasu, honetan, ikusi nuen gerrako kontuei buruzko oso iturri aberatsa dela. Zergatik? Batez ere, bertan izan ziren lekukoek kontatzen dituztelako euren bizipenak –nahiz eta garai hartan umeak izan–, eta, beharbada, ikuspegia ere desberdina da; errealitatea ikusteko modu asko daude, eta gero, kontakizuna nork bere modura egokitzen du", adierazi du.

Bertan aurkitu zuen materiala "oso aberatsa" zela aitortu du: alde batetik, Aramaioko euskaran hitz egiten dutelako lekukoek, eta, bestetik, "testigantza interesgarri" haiek merezi dutelako aditzera ematea, Arriolabengoaren esanetan.

Testigantzak

Ikus-entzunezkoan aramaioar hauen testigantzak daude jasota: Arexolako Luizia Arrizabalaga Irasuegi, Ibarrako Salezan baserriko Julian Unzueta Etxebarria, Gantzagako Linatza baserriko Basilio Ugarte, Eguzkierripako Ibabe baserriko Valentin Ibabe Zubizarreta, Arriolako Erdikotxiki baserriko Julio Aspe Beitia, Suña auzoko Sakona baserriko Domingo Iriarte Astola, Oleta auzoko Goikoetxea baserriko Julian Astola Argoitia, Uribarrigaineko baserriko Kepa Mondragon Jauregi, Zabolako Txamarga –Garaikoazpi– baserriko Sebastiana Balanzategi Unzueta, Azkoagako Iturralde baserriko Mauri Lasaga Belategi, Suña auzoko Palazio baserriko Eustakia Agiriano Zuazua, Oleta auzoko Katxelena –Dukiena– baserriko Pedro Karetxe Urrujola, Uribarri auzoko Aldeko baserriko Angel Arriolabengoa, Arraga auzoko Arragaburu baserriko Fermin Etxebarria Elorza, Ibarrako Salezan baserriko Paula Unzueta Etxebarria, Azkoagako Salturralde baserriko Patxi Elejalde Plazaola, Ibargoiko Mugertza baserriko Domeke Elexpuru Altube eta Aramaioko Kuranderiaren Etxean jaiotako Jaione Ormaetxea Trojaola.

Askotariko bizipenak

Dokumentalean jasota dauden kontakizunen artean, esaterako, 1936ko uztailaren 18ko gerraren hasiera egunean Arexolako Luizia Arrizabalaga Irasuegik kontatu zuen 13 urte zituela orduan, eta, gazteak izan arren, "zerbait" gertatzen zela igarri zutela.

Bonben zaratak entzun zituztela gaineratu zuen Ibarrako Salezan baserriko Julian Unzueta Etxebarriak: "Esaten zen Gasteiztik etorritako militarrek Añebarriko zementuzko zubi bat bonbardatu zutela. Gure aita joan zen beste lagun batekin batera ikustera". Dokumentalean agertzen da gero Añebarriko zubi hura tantaiz berreraikita.

Gizon gazteak armak hartzera deitu zituzten; batzuk boluntario joan ziren frontera, alde batera edo bestera, eta beste batzuk tokatu zitzaielako joan beharra izan zutela gogoratzen zuen Suña auzoko Sakona baserriko Domingo Iriarte Astolak.

Gerra hasi eta egun gutxira, Fronte Popularreko milizianoek zenbait aramaioar atxilotu zituztela ere agertzen da bideoan. Uribarrigaineko baserriko Kepa Mondragon Jauregik gogora ekarri zuen, esaterako, osaba bat zazpi urtez egon zela kartzelan, eta beste osaba bat, berriz, hiru urtez. Askotariko kontakizunekin dago osatuta.

Gainera, orduko gertakizunen hainbat datu eta zifra ere eraman ditu dokumentalera Arriolabengoak.

Memoria kolektiboa

"Oso garrantzitsua da testigantzekin gure memoria kolektiboa janztea", zehaztu du ikus-entzunezkoaren egileak. Aitortu du denbora luzea eman duela lan horrekin, eta hauxe nabarmendu du: "Batez ere, gure zaharren, gure gurasoen, eta aitona-amonen hizkera entzutea eta kontatzeko modua dagoeneko faltan igartzen ditut".

Emanaldia Gaboneta

Orain, Arriolabengoaren asmoa da ikus-entzunezkoari zabalpena ematea eta ahalik eta herritar gehiengana iristea. Horretarako, Gabonetan herrian emango dute, estreinakoz, pantaila handian, dagoeneko Youtuben ikusgai dagoen dokumentala. Hilaren 28an izango da hori, 18:30ean, eta, hasteko eta gaia testuinguruan kokatzeko, Intxorta 1937 Kultur Elkarteko Juan Ramon Garaik hitzaldia egingo du, eta horren ostean proiektatuko dute Arriolabengoak egindako dokumentala. "Jakin-mina piztu nahi dut. Historiaren zati oso inportantea izan den garaia jaso dut ikus-entzunezkoan, haren ondorioak izan zituen eta ditu oraindik, eta komeni da horren inguruan hausnarketa txiki bat egitea", adierazi du. Gainera, ikus-entzunezkoan erabili duen musika herriko Bizente Goikoetxea abesbatzakoek kantatutakoa da.

Emaitzarekin gustura

Era horretako ikus-entzunezkorik ez du egin orain artean Arriolabengoak. Lan horrekin jarri da lehen aldiz, esaterako, bideoen edizio kontuekin, eta emaitzarekin gustura dago, eta esperientzia "positiboa" izan dela esan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak