Aramaioko Lagunkoia, hirugarren adinekoen beharrak identifikatzen

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko abe. 13a, 09:02

Aramaioko Lagunkoiakoek egin duten bigarren ibilaldian elkartu zen lagun taldea. (Argazkia: Rosa Mondragon).

2019an sortutako Aramaioko Lagunkoia bere bidea egiten dabil. Hasiera batean, herrian zeuden irisgarritasun kontuak landu zituzten eta osasun arloari lotutako eskaera ere egin zuten; orain, praktika osasungarriak bultzatzen dituzte ibilaldien bitartez.

Duela bost urte, 2019an, pandemia aurretik, sortu zuten Aramaioko Lagunkoia taldea, hainbat herritar elkartuta. Hirugarren adinaren bueltan herrian ikusten zituzten hutsuneak identifikatu eta horietan eragiteko asmoz sortu zuten.

Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Lagunkoia ekimenaren parte da, hain zuzen, Aramaioko Lagunkoia taldea, Matia Fundazioak jarri zuen arren martxan. Eta bailaran 2014an ekin zion Antzuola Lagunkoia taldeko hainbat kide ere izan zituzten bidelagun hasieran Aramaiokoek.

Ezjakintasunetik eta norantz joan zehazki jakin gabe hasi ziren lanean, baina azken urteetan hainbat pauso eman dituzte, eta, esaterako, oinarrizko hainbat premia identifikatu dituzte herrian orain artean.

Irisgarritasuna herrian

Duela urtebete inguru, herriko irisgarritasunari lotutako kontuak aztertu zituzten eta txosten bat landu zuten, ondoren Udalean aurkezteko. Hauxe adierazi du taldeko kide Elena Zubizarretak: "Irisgarritasuna dela-eta hainbat hutsune daude adin batetik aurrera dauzkazun zailtasunei aurre egiteko; baldosa batzuk solte, galtzada-harriak, espaloiak ganorazko jaitsierarik gabe, elbarriendako aparkalekuren bat ez zegoen egokituta, labainkor zeuden bide eta eskailera batzuk zeuden... Gainera, baserriak ondo seinaleztatu gabe zeuden, eta postariendako eta anbulantziendako, adibidez, eskatu genuen hori hobetzea. Poliki, baina dagoeneko lan batzuk egin dituzte".

Osasun eskaera

Osasun arloan herrian hutsune batzuk ere nabari dituzte, eta, horiei irtenbidea eman nahian, eskaera bat ere egina dute. Hauxe azaldu du taldeko kide Rosa Mondragonek: "Iaz egin zen kanpaina bat, gure taldeak bultzatuta, baina herri ekimen bezala egin zen. Eta orduan, 300 eskaera inguru jaso genituen herri mailan; Osakidetzari eskatu genion Aramaiok beti izan ditzala medikua eta erizaina. Sasoi batzuetan –orain, adibidez– medikua bajan dagoenean, ez daukagu ordezkorik. Orduan, astean bi aldiz etortzen da; bestela, Arrasatera bideratzen gaituzte. Osakidetzaren erantzuna jaso genuen, eta eskerrak eman zizkiguten, baina ikusten dugu denbora pasa dela eta egoera berean jarraitzen dugula. Hutsunea nabarmena da, eta nabarmenagoa da adin batetik aurrerakoendako, erreferentziako medikurik ez dutelako".

Praktika osasungarriak

Harreman sozialak bultzatzeko helburuarekin eta hirugarren adinekoen artean praktika osasungarriak sustatzeko asmoz, ibilaldiak antolatzeari ekin diote orain.

Bi egin dituzte, momentuz. Lehenengoan, Alaiak Jubilatuen elkartetik aterata, Arraga, Arrikoiti, Arexola, Arriola eta Uribarri auzoak zeharkatu zituzten, eta Ibarrara itzuli ziren. Azaroan izan zen hori, eta hamabost lagun elkartu ziren. Bigarrena joan den astean egin zuten, Apatamonasteriotik Arrazolarainoko ibilbidearekin, eta 36 lagun elkartu ziren. Taldeko Miguel Loitik esan du "arrakastatsuak" izan direla: "Lehenengo bi irteerak arrakastatsuak izan dira, adineko pertsonak etxetik atera eta elkarrekin izan garelako". Hamaiketakoa ere egiten dute, eta gaineratu dute ekimen horrek aukera ematen diela etxetik irten eta bestela egongo ez liratekeen pertsonekin elkartzeko eta hitz egiteko. Urtarrilaren 22an egingo dute hurrengoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak