Hamasei urte eta gero, etxebizitzak eraiki ahalko dira hainbat landa-nukleotan

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko abe. 4a, 09:02

Joan den eguenean egindako osoko bilkurako une bat.

Lur-jabeak itxaroten egon diren berria onartu ahal izan dute azkenean, egin duten azken ohiko osoko bilkuran.

Joan zen eguenean egin zuten azaroko ohiko osoko bilkura, eta bertan, besteak beste, aho batez onartu zuten behin-behineko landa-guneeen bigarren plan berezia. Horrek zuzenean eragingo du hamasei urte eta gero, Aramaioko landa-gune batzuetan, eta partzela zehatz batzuetan, etxebizitzak eraiki ahal izatea. 

Hainbat urtetako lana

Hirigintza-plangintza garatzeko arau subsidiarioen kontua aspalditik dator, eta hainbat lege aldaketa tarteko eta Udalak egindako hainbat planteamendu Eusko Jaurlaritzak atzera bota ostean, azkenean, 16 urteko ibilbide eta negoziazio ugariren ondorioz, Arabako Foru Aldundiak eta Aramaioko udalak lortu dute Eusko Jaurlaritzarekin, orain udalean onartu den plana aurrera eraman ahal izatea. 

Dokumentuetan Ibarra eta Oleta urbano izenez bereizten dira, eta gainontzeko auzoak, berriz, landa-nukleo bezala izendatzen dira.
Landa-nukleoei dagokienez, hirutan ezin dira etxebizitza gehiago egin, momentuz behintzat. Barajuen, Zabola eta Untzillaren kasua da hori, bakoitzean 25 etxebizitza baino gehiago daudelako.

Eta beste landa-nukleoetako partzela zehatz batzuetan dagoeneko etxebizitzak eraiki ahal izango dira, kontua 16 urtez geldi egon ostean: "Lur-jabe asko itxaroten zeuden kontua da eta azkenean etxebizitzak eraiki ahalko dira partzela zehatz batzuetan. Dena den, ez da nahikoa. Guk nahi duguna da jendeak baserriak konpondu ahal izatea, berriak egin ahal izatea, arkupe edo portxeak egin ahal izatea… Izan ere, ezin badira egin, jendea ez dator baserrietara", adierazi du Asier Agirre alkateak.

Gaia udalbatzan onartu ostean, Foru Aldundira eta Eusko Jaurlaritzara bideratuko da berriz eta zigilua jaso ostean, 16 urte eta gero, partzela batzuetan –jabeek badakizkite zeintzuk diren– hasi ahalko dira etxeak egiten. Lizentziak ematen hasten direnean, lur-jabeek hiru urteko epea izango dute, eta horiek pasa ostean, berriro ezin izango da etxebizitzarik eraiki landa-nukleo horietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak