Azken urteetan eskolako aterpea ez dagoela "batere txukun" argudiatuta, eta denen gustura jartzeko helburuarekin, batzorde zabal bat egiteko asmoa du Aramaixo Herri Eskolak. Herriaren ideiak eskolarentzat "garrantzitsuak" direla esanez, ikas komunitateko kide guztiak eta herritarrak gonbidatu dituzte etzi, eguena, 15:00etan eskolako liburutegian egingo duten lehen bilerara joan daitezen.
Grafitiekin eta pintaketekin
Auzolanean margotu zuten duela urte dezente eskolako patioa, baina azken urteetan oso zikin dagoela adierazi du Aramaixo Herri Eskolako ikasketa buru Leire Aperribaik: "Duela urte dezente margotutakoaren gainean etengabe grafitiak egiten dira, eta oso zikin dago garai hartan margotu zena. Gainera, grafitiak eta pintaketak bata bestearen gainean dabiltza egiten, eta, gaur egun, dena irudiz bete-beteta dago. Autore bakoitzak egindako lanak ere ez dira errespetatzen, bata bestearen gainean eginda daudelako asko, eta ikusten dugu ordena eta txukuntasuna behar dituela aterpeak". Paretetan ez ezik, lurrean ere badaude askotariko grafitiak eta pintaketak.
Herri guztiari zabalik dagoena
Aperribaik gaineratu du eskolako orduetan eskolako kideek erabiltzen dutela, baina eskola orduez kanpo eta asteburuetan herri osoarendako egoten dela zabalik, eta, herriko espazio bat denez, herritar guztiei egin die eratu nahi den batzordean parte hartzeko gonbidapena. Etzi, eguena, egingo dute lehen bilera: "Bertan ikusiko dugu zein jende dagoen interesatuta, eta, horren arabera, bilerak noiz izango diren zehaztuko dugu –eskola orduetan edo eskola orduetatik kanpo–. Plangintza bat egin beharko dugu, interesen arabera, eta ikusiko dugu zein ilusio eta interes dagoen gai horrekiko eta zein indar daukagun ikasturte honetan horri erantzuteko", adierazi du. Ez dute baztertzen nola margotu erabakitzeko lehiaketaren bat-edo martxan jartzea.
Eskolan lanketa
Grafitiak eta bestelako pintaketak herriko hainbat txokotan azaldu dira azkenaldian: eskola inguruan, frontoian, Santa Anan... Eta iaz ikasleekin egin zuten lanketa bat horren inguruan; zer den grafitia, zein kultura duen, artelan bat izanik nola errespetatu behar den beste autore batek egindako grafitia… Eskolan lanketarekin jarraituko dutela argi dute.