Egutegiak baditu argazki irabazleak

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko aza. 23a, 11:00

'Atxak' izeneko argazki hori da lehiaketako irabazle nagusia; egutegiko azalean joango da. (Argazkia: Asier Castellano Velasco).

Guztira 64 argazki jaso ditu aurten Udalak antolatutako argazki lehiaketak; 2025eko egutegian joango dira onenak eta abendu hasieran banatuko dituzte herriko etxe guztietan.

Dagoeneko herrian errotuta dagoen lehiaketa da Aramaioko egutegian joango diren argazkiak aukeratzeko egiten dena. Udalak antolatzen du, eta harrera "oso ona" izaten duela adierazi du Amaia Pavon zinegotziak.

Parte-hartzea

Aurten, 2025eko egutegia osatzeko 64 argazki jaso dituzte, eta Udala pozik dago: "64 argazkik ematen dute aukeraketa ona egiteko".

Aramaioarrek eta herrikoak ez direnek har dezakete parte, baina baldintzetako bat da Aramaion ateratako argazkiak izan behar dutela guztiek: "Urte baldintzarik ere ez dago; beraz, argazkiek ez dute zertan aurten ateratakoak izan, baina herrian ateratakoak izan behar dute, eta herriko egoerak islatzen dituztenak". Aurreko urteetatik hona badago desberdintasun bat; izan ere, oraingoan, pertsonen irudi gehiago jaso dituzte, eta, hain justu ere, hobesten dute egutegia parajez osatutakoa bakarrik ez izatea eta herriko ekintzak ere agertzea argazkietan. Hauxe gaineratu du Pavonek: "Batzuk lehenengo planoak dira, eta jai-giroa islatzen duen San Juan sua agertzen da beste argazki batean. Uztailerako, herriko jaietako argazki bat aukeratu dugu, eta oso errepikatuak izaten diren Aramaioko parajeak ere izaten ditugu".

Aurtengo irabazleak

Hilabete bakoitzak argazki bat jasotzen du eta azalean joaten da argazki irabazlea; beraz, guztira hamahiru argazkirekin osatzen da. Eta, sari nagusiaz gain, urtaro bakoitzak ere badu irabazle bat; hala, guztira bost izaten dira saridunak lehiaketan.

Sari nagusia Asier Castellano Velascok ateratako Atxak argazkiak eraman du. Castellano aretxabaletarra da izatez, baina badaramatza hiru urte Aramaion bizitzen. Aurretik ere parte hartu izan du lehiaketa horretan, eta urtaroetako sari bat eskuratu zuen behin. Hala ere, aurten lehenengoz jaso du argazki nagusiaren saria: "Oso pozik nago sariarekin. Maiatzean-edo ateratako argazkia da. Paseoan Orixol aldera joan ginen, mendi buelta bat ematera, eta kolore politak ikusi genituen. [Maialen] Vallina igo zen Sua txakurrarekin harri artera, eta nik beste aldetik atera nien argazkia; inprobisatua izan zen", adierazi du. Argazki lehiaketa martxan jarri zela ikusi zuenean, aurrez aterata zeukan argazki hura etorri zitzaion burura, eta bidaltzea erabaki zuen.

Lau urtaroetan, berriz, hauek izan dira saridunak. Neguko saria Naiara Gorostola Arrietaren Neguko eguzkitan argazkiak eskuratu du.

Neguko sariaren irabazlea. (Argazkia: Naiara Gorostola Arrieta).

Udaberriko saria Iñaki Lasaga Gutierrezen Akerra sutan argazkiak lortu du.

Udaberriko sariaren garailea. (Argazkia: Iñaki Lasaga Gutierrez).

Udako onena, berriz, Aitor Arruti Tenaren Etxean izan da.

Udako saria eskuratu duen argazkia. (Argazkia: Aitor Arruti Tena). 

Eta Julene Lopez Lopez de Uraldek jaso du udazkeneko saria, Zeruaren baretasuna argazkiarekin. Horiekin eta aukeratu dituzten beste batzuekin osatuko dute aurtengo egutegia.

Udazkeneko saria jaso du horrek. (Argazkia: Julene Lopez Lopez De Uralde).

Informazio esanguratsuarekin

Egutegiaren ezaugarrietako bat da nabarmenduta joaten direla Aramaiorendako esanguratsuak diren egun guztiak. "Egutegian ez du jartzen San Migel Eguna noiz den, baina bai Gantzagan noiz ospatzen diren San Migel jaiak. Aramaioko jaiak noiz diren ere jasotzen da, auzoz auzoko jaiegunak markatuta daude, Jubilatuen Eguneko azoka, Lorabarri Astea noiz den... Aramaiorendako data esanguratsuak direnak markatuta daude", adierazi du Pavon zinegotziak. Horrez gain, tenporen gaineko informazioa ere ematen du egutegiak, baita zabor-bilketak noiz izaten diren ere. Beraz, Aramaiorendako pentsatutako egutegia da.

Eta, horretaz guztiaz gain, azalean, argazki irabazlearekin batera, Bertso Eskolakoek egindako bertso bat jartzen da. Bertan jasotzen dituzte urtean zehar eurendako esanguratsuak izan diren momentu aipagarrienak.

Abendu hasieran etxeetan

Egutegia dagoeneko bidali dute inprimategira, eta, jaso bezain laster, urtero moduan, aguazilak etxez etxe banatuko ditu. Hala, aramaioarrek aukera izango dute, beste urte batez, herrian bertan egindako argazkiekin osatutako egutegia 2025ean ere etxean bistara izateko. Gainera, herriarendako garrantzitsuak diren datak nabarmenduta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak