Afrika Miniaturan elkarte soziokulturala gobernuz kanpoko erakunde bat da, immigrazioari buruzko gaiei eta horrek dakartzan zailtasunez eztabaidatzeko eta Afrikako kontinenteari buruzko mitoei aurre egiteko sortu zena. Aste honetan, eurek antolatutako hainbat ekintza izan dira Aramaion, hango kultura eta ohiturak aramaioarrekin partekatzeko helburuarekin.
Erakusketa, gaur arte
Aste osoan izan da zabalik Afrikako oihalei eta objektuei buruzko erakusketa, kultura etxean. Gaur ere, egubakoitza, bisitatzeko aukera egongo da, 17:30etik 19:00etara bitartean.
Hauxe adierazi du Afrika Miniaturan elkarteko koordinatzaile Christian Mangak: "Afrikako oihalei buruzko erakusketan, Afrikako moda hainbat eratara erabil daitekeela erakusten dugu. Eta bertan dauden askotariko oihal koloretsuak hainbat euskarritan erabil daitezkeela ikus daiteke: zapatetan, poltsetan, osagarrietan... Ikusgai dauden oihalak, gainera, kontinenteko hainbat zonatakoak dira: mendebaldekoak, iparraldekoak, erdigunekoak...".
Haurrendako jolasak
Eguaztenean, ludotekan, Afrikako jokoak gertutik ezagutzeko aukera izan zuten gaztetxoenek. Bertan, hainbat joko erakutsi zizkieten haurrei. Horietako bat da Mancala izenekoa; Kenyako joko garrantzitsuenetako bat. Afrikako hegaztiak ezagutzeko balio izan zuen hegaztien jolasa ere egin zuten. Baita Mamba eta Awalé izenekoak ere. "Medio oso gutxirekin hazi izan gara Afrikan, eta polita da gure haurtzaroko jokoak hemengo umeei erakustea. Erakusten diegu nola bizi diren hango umeak eta zein gutxirekin diren pozik. Jokoetan haurrek kuriositatea erakusten dute, eta erakargarriak egiten zaizkie Afrikako jolasak", esan du elkarteko koordinatzaileak.
Sentsibilizatzea helburu
Arabako emakume afrikarrei buruzko solasaldi bat ere egin dute, eta Mangak adierazi du azpimarratu nahi dutela berdintasunari buruz hitz egitean esparru guztietara zabaldu behar dela: "Ez bakarrik gizonen eta emakumezkoen arteko berdintasunera. Kanpotik etorritakoen eta hemengoen artean berdintasuna egon behar da, besteak beste. Jatorria ez da garrantzitsua".
Sukaldaritza tailer bat egitekoak ere baziren gaur, baina bertan behera gelditu da, ez delako gutxieneko herritar kopurua apuntatu.