Hasi dira Aramaioko Gantzaga auzoko jaiak. Atzo hasi ziren, zehazki, 19:00etan, kanpai errepika eta txapliguekin. Segidan, kontzertu akustikoa eman zuten Amaiur eta Unaik, eta afaltzeko sandwich eta pizzak izan zituzten herritarrek. Gaua Tiger Brothers DJekin bukatu zuten.
Gaur ere egongo da zereginik, egun osoko egitarau oparoa antolatu baitute. Goizean goiz hasi dira, 09:00etan, kanpai errepika eta txapliguekin. 12:00etan meza nagusia izan da, eta 13:00etan bermut dantza eta bingoa. Arratsaldean, mus txapelketa izango dute 17:00etan, eta 17:30etan hasiko da XV. patata tortila txapelketa, eta 19:30etan izango da txapelketako sari banaketa eta dastaketa. 17:30etan jarriko dituzte umeendako tailerrak eta puzgarria ere. Bukatzeko, 23:00etan Akordek girotutako dantzaldia izango da, eta baita txokolate beroa ere.