Senpereko Iduzkilore antzerki taldeak Ihesi antzezlana aurkeztuko du zapatuan, 19:00etan, kultura etxean. Duela bi hamarkada idatzi zuten Frantziako Pierre Palmade eta Christope Duthuron egileek bi emakume protagonista dituen istorioa, eta, Frantzian zehar hainbat urtean aurkeztu ostean, euskaraz antzeztuko dute Bernadette Iratzoki eta Maider Beheran antzezleek. "Guk gidoia erosi dugu eta Maddi Zubeldiak euskarara itzuli eta egokitu du. Horrenbestez, Parisko bi emakume izan beharrean, bi emakume euskaldun izango dira: bat lapurtarra eta bestea baxenabartarra. Maika Etxekopar zuzendari profesionala da zuzendaria", azaldu du Iratzokik.
Halaber, lehen bertsiotik berrikuntza ere sartu diote: musikaria. Ainhoa Elizondok zuzenean joko du musika. "Gertatukoaren lekuko izango da musikaria; bukaeran, hark ere sentipenak agertuko ditu. Beste pertsonaia bat gehituko dio".
Bi emakume protagonista
Lapurdiko eta Nafarroa Behereko bi emakumek topo egiten dute, euren egunerokotasunetik, bizitzatik ihesi, eta hortik emakumeek bizi ditzaketen egoerak taularatzen dituztela kontatu du Iratzokik: "Bi emakumek topo egiten dute gau batean eta poliki-poliki Biarritzera doaz ihesi, eta bidean elkarri laguntzen diote. Amatasuna, laguntasuna, elkartasuna, bakartasuna... gai horiek landuko ditugu, eta egoera horiek Atharratzeko, Erandioko, Aramaioko edo edozein lekutako emakumeek bizi ditzakete. Euskaldunak gara eta bat garela sentitzen dugu; hori sentiarazi nahi dugu gure antzezlanarekin".
Gai "sakonak" direla aitortu du, baina modu "komiko eta dibertigarrian" kontatuak direla. Gainera, azpimarratu du "oso bisuala" dela: "Esperantzaz betetako kontakizuna da".
Euskalkiaren garrantzia
Iparraldeko euskara entzungo da zapatuan ordu eta erdiz. Aurreratu duenez, nahiz eta hitz batzuk ez ulertu, haria ez dute galduko adin guztietako ikasleek: "Hemengo euskaraz egiten dugu eta joan garen leku guztietan ondo hartu dute gure antzezlana".