Aramaion energia komunitatea sortzeko asmoa duen hamaika laguneko taldea batu da eta energia komunitatea eratzeko prozesu horretan lehenengo bilera egin zuten atzo arratsaldean udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Hizlari lanetan aritu ziren Debagoiena 2030eko energia eremuko arduradun Aritz Ameztegi eta Goienerreko Oier Etxebarria.
Ameztegiren esanetan, prozesua "epe motzean" hasiko da, eta prozesu horren aurkezpena izan zen atzoko saioa: "Aurreko bileran egiteko asmoa genuen, baina iruditu zitzaigun hobe zela herri guztira zabaltzea, eta halaxe egin dugu. Testuingurua kontatu, Europatik datozen zuzentarauen berri eman eta Espainiako Estatuan zer ari den mugitzen, besteak beste". Etxebarriak gehitu du energia komunitateak zer diren azaltzeaz gain, sakondu eta hastera doan prozesua irudikatzen laguntzea izan dela bileraren xedea.
Ecodeseko datuak ere eman ditu Ameztegik: "Espainian sortu ziren energia komunitateetatik herena EAEn eta Nafarroan sortu dira. Orduan, mugimendu bat badago. Energia komunitatea sortzeko urratsak egiterakoan ez dira bakarrik egongo. Eskualdeko sarearen laguntza izango dute, dagoeneko bi urte daramatzana".
Herritar nahiz eragileendako
Edozein herritarrek eta eragilek hartu dezake parte energia komunitatean. Honela zehaztu du Aramaioko Udaleko lehen sektoreko gaietako dinamizatzaile Aitor Larrañagak: "Norbanakoek hartu dezakete parte, herriko elkarteek, enpresa batek, komertzio batek, taberna batek… Eragile publikoek ere bai. Energia komunitateak sortzerakoan interesgarria da herrian dauden profilak jasotzea herri horren profil soziosemantikoa jasota egon dadin. Komunitate energetikoan jende plurala batzean pentsatu behar da".
Hori berretsi egin du Goienerreko Etxebarriak: "Edonork hartu dezake parte. Zenbat eta aniztasun handiagoa egon, hobeto". Jende kopuruari dagokionez, Etxebarriak azaldu du Aramaio moduko herri batean dozena bat lagunekin nahikoa dela: "Baina, agian, hasieran elkartzen direnak eta bukaeran egongo direnak ez dira berberak izango. Bidean batzuk joan egingo dira, eta beste batzuk etorri". Hortaz, aramaioarrak eta herriko eragileak parte hartzera animatu ditu: "Oso prozesu polita da. Nik ditudan esperientzietatik ikusi dut lanerako gogoa eduki behar dela, baina prozesua polita da. Proiektu komunitario parte-hartzailea da".
Maiatzerako sortzea helburu
Larrañagak, Ameztegik eta Etxebarriak adierazi dute parte-hartzaileen konpromisoa izango dela datozen hilabeteetan antolatuko diren bileretara joatea eta herritarrak izango direla energia komunitatearen noranzkoari buruzko erabakiak hartuko dituztenak, eta Debagoiena 2030 eta Goiener izango dituzte bidelagun. Zortzi-hamar bilera egitea aurreikusten dute, taldea ahaldundu eta komunitatearen "lema" hartzeko.
"Prozesu horretan eurek erabakiko dute zenbatean behin egin nahi dituzten bilerak. Bilera horietan ez da izango: Goiener dator, hitzaldia egingo du, eta listo. Ez. Bilera horietan egin behar dena da hara batzen den taldea talde sena duen komunitate bihurtu. Bide batez, bilera horietan aprobetxatuko da gai ezberdinei buruz formakuntza emateko. Printzipioz, maiatz aurretik eratu beharko genuke kooperatiba edo elkartea, dena delakoa. Hamabostean behin elkartzen bagara, denbora soberan dago, baina lanketak egin behar dira eta horrek denbora behar du.", dio Etxebarriak.