Ander Izagirre: "Sugeek ospe txarra dute, baina ez da justua"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko urr. 18a, 11:52

Ander Izagirre, suge bat ondoan duela. (Argazkia: A.I.).

Aramaion sei suge espezie daude, eta horietatik bakarra da pozoitsua, Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Saileko kide Ander Izagirreren esanetan, kantauriar sugegorria: "Baina ez nuke esango arriskutsua denik".

Ur-ekosistemen eta Biodibertsitatearen Astea ari dira ospatzen Aramaion, eta, astearen baitan, Aramaioko suge eta sugegorriak. Haien ospe txarraren biktimak? hitzaldian Aranzadiko kide Ander Izagirrek (Elgoibar, 1988) azpimarratu zuen sugeak "orokorrean" ez direla arriskutsuak.

Aramaion zenbat anfibio eta narrasti espezie aurkitu ditzakegu?

Euskal Herrian hamazortzi anfibio espezie daude, eta Aramaio inguruan hamaika. Narrastietan, sugeak zenbatu gabe, bertakoak diren hamasei daude Euskal Herrian, eta horietatik sei daude Aramaion. Hamabi suge espezie daude Euskal Herrian, eta Aramaion sei daude. Sei suge horien barruan daude pozoitsuak ez diren bost. Pozoitsua kantauriar sugegorria da.

Sugeak non aurkitu ditzakegu?

Nahiz eta mendian suge gutxi ikusi, badaude. Mendira joaten garenean aurrera begira joaten gara. Sugeak bide bazterrean egon daitezke, baina ondotik pasatzean, batzuetan, geldirik geratzen dira, guk ez ikusteko; hau da, kamuflajean sinesten dute eta hor geratzen dira. Beste batzuetan, berehala egiten dute ospa. Guk uste duguna baino suge gehiagoren ondotik pasatzen gara konturatu gabe.

Nola ezberdindu dezakegu pozoitsua den ala ez?

Ezer ez dakien batendako nahasteko erraza izan daiteke, baina itxurari begiratu behar zaio, ezaugarri ezberdinak baitituzte. Badaude patroi konkretu batzuk. Sugegorriak bizkarrean zig-zag moduko bat dauka, baina ez beti. Askotan, bereizteko begia erabiltzen da. Esaten da begi bertikala duela, baina, noski, horretarako, gertu egon behar duzu. Buru gaineko ezkatak ere sugegorriak txikiak ditu. Dena den, sugegorria pozoitsua bada ere, beti gugandik ihes egiteko joera dauka. Beldurra digute. Koskak istripuz izaten dira, oso puntualki, ihes egiteko aukerarik ez duenean, eta gu nahi gabe haren parean jartzen garenean.

Orduan, beldurra nondik dator?

Teoria batzuek esaten dute genetikoki badaukagula erraztasuna animalia batzuekiko beldur batekin jaiotzeko. Sugeak, armiarmak… Beste teoria batzuek esaten dute beldur hori landu edo ikasi egin behar dela. Gizartean oso barneratuta dauka- gu beldur hori. Nahi gabe, belaunaldiz belaunaldi transmititu egiten da. Haur txiki bati suge baten argazkia erakusten badiogu, heldua beldurtzen bada ume horrek ikasi egiten du sugeekiko beldur hori edukitzen.

Suge batekin topo eginez gero, nola jokatu behar dugu?

Lehendabizi, distantzia mantendu. Ez gerturatu, eta disfrutatu. Egia da horretarako lehendabizi beldurra kendu behar dugula. Gaur egun, eskuko telefonoa denok daukagu, eta, posible bada, argazkia atera eta zalantzak izanez gero, Aranzadira bidali. Horrela, guk erantzuna emango diogu. Azkenean, jakin behar duguna da sugeak babestuta daudela legez. Suge bat hiltzea legearen aurkako ekintza bat egitea izango litzateke.

Hortaz, sugeak arriskutsuak dira?

Ez. Bueno, ondo azaldu behar da. Pozoirik gabe ez dira arriskutsuak. Aramaion sugegorria dago, baina ez nuke esango arriskutsua denik. Lehen esan dudan moduan, puntualki istripuak gertatzen direnean egiten dute kosk. Halakoetan, komeni da ospitale batera joatea. Azken urteetako datuek esaten dute Espainiako Estatuan 130 hozka- da gertatzen direla, batez beste, urteko. Horietatik bat edo gutxiago hiltzen da. Beste animalia batzuk hartuz gero, txakurrak, adibidez, bi eta bost pertsona artean hiltzen dituzte urtero; erleek ere bost eta hamar artean... Sugeek badute ospe txarra, baina ez da justua duten ospe hori. Arriskutsua da, alde horretatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak