Iazko ikasturtean baino pertsona bat gehiagorekin hasi du denboraldi berria Aramaioko Irakurle Klub Feministak, eta guztira, hamaika lagun inguru elkartuko dira aurrerantzean, hilean behin, ekainera bitartean.
Astelehenean egin zuten lehen saioa, eta bertan Trilogía del Baztan-en lehenengo liburua izan zuten hizpide. Gainera, urtero egiten dute literaturarekin zerikusia daukan irteeraren bat, eta oraingoan, liburu horretan bertan agertzen diren hainbat kokapen ezagutzeko asmoz, asteleheneko lehen saioaren aurretik, asteburuan, Elizondon izan ziren. "Uda pasa ostean, gustura elkartu ginen berriro. Oso talde egituratua da. Pasa dira urte batzuk talde honekin hasi ginela, eta talde txikian hasi ginen, baina urteekin hazten eta egonkortzen joan da. Asteburu polita pasa dugu, eta urtean zehar ere elkartzen gara elkarrekin afaldu eta liburuei edo beste kontu batzuei buruz hitz egiteko", adierazi du saioak dinamizatzen dituen Ainhoa Aldazabalek.
Literatura, ertz askotatik
Hilero liburu bat irakurtzen dute eta Aldazabalen proposamena izaten da denetarik irakurtzea: "Normalean, irakurleok joera handiagoa daukagu nobelak irakurtzeko, baina beti programatzen dugu komikiren bat, poesia-liburua, ipuinak, saiakerak, autobiografiak... Alde batetik, saiatzen gara denon gustuak kontuan hartzen, eta, bestetik, gutxien irakurtzen dugun horretan ere material interesgarriak daudela ikusarazi eta bestela irakurriko ez lituzketen liburuak eta proposamenak eskura izateko modu bat ere bada".
Gaineratu du begirada feministatik egiten dutela lan: "Saiatzen gara programatzen emakumeen liburuak; berreskuratzen dira testu batzuk agian aspaldikoak direnak, baina emakumeek literaturan markatutako puntuak azpimarratzeko garrantzitsuak direnak; literaturaren bitartez ikusten dugu zein gai idazten hasten diren momentu zehatz batzuetan feminismoak emandako urratsei esker; edo alderantziz, zelan literaturan badauden espazioak feminismoa beranduago iristen den lekuetara... literatur kritika feminista hartzen dugu kontuan beti".
Euskaraz sortuak bai, baina itzulpenak ere lantzen dituztela adierazi du Aldazabalek. Orain esku artean dute Castillo Suarezen Alaska. Eta haien asmoa da ikasturte honetan beste hauek ere lantzeko: Horma, Uxue Alberdiren Hetero azken liburua eta, komikian, Persepolis.