Normalean bi urtean behin izaten da sagar urtea, eta aurten ez da tokatzen. Beraz, Aramaioko Sagarzalien Elkartekoek – ASEkoek– badakite iaz baino kantitate txikiagoa ekoiztu ahal izango dutela aurten, Mendixolan sagar-zukua egiteko daukaten zentroan. Horregatik, eta sagarra daukan ahalik eta jende gehienak makineria erabiltzeko aukera izan dezan, hori erabiltzeko gutxieneko eta gehieneko sagar-kilo kopurua aldatu dutela adierazi du ASEko presidente Unai Osorok: "Ikusi dugu sagar gutxi daukan jendea ez zela iristen prentsada bat egitera eta orduan gutxieneko sagar-kilo kopurua 500era jaistea erabaki dugu eta gehienekoa 800 da. Beraz, hor bitartean daukatenek aukera izango dute dolarea erabiltzeko".
Gainera, Osorok azpimarratu du gutxienekora iristen ez direnek ere aukera dutela, esaterako, biren artean egiteko. Hori lehen ere egiten zuten, eta horrela, aukera zabaldu nahi izaten dute. Izan ere, helburua da sagarrari etekina ateratzea: "Sagar guztiak batera etortzen dira eta kontserbatzeko eta urtean zehar aprobetxatzeko modua da hau", esan du Osorok.
Jarraitzen duten prozesua
Sagar kantitatea norberak pisatuta eraman dezake Mendixolara edo bertan ere egin dezakete lan hori eta prozesu hau jarraitzen dute: "Sagarrak garbitzen dituen makina daukagu, beraz, garbitu egiten dira lehenengo, eta makinak berak beste batera bidaltzen ditu, sagarrak txikitzera. Konpota moduko bat egiten da eta hori sartzen da zuzenean prentsara eta horrek egiten duena da zanpatu eta zukua atera". Prozesu horrek ordu eta erdi inguru darama.
Zuku hori sagardo bihurtu nahi duenak, etxera eramaten du. Eta bestela, sagar-zukua egiteko, uperizazio deritzon prozesua jarraitzen dute Mendixolan, zukua ia 90 gradutan berotuz. Gero, botiletan sartzen dute, eta ostean, Maria bainuan egosten dute beste 15 minutuz.
Aurtengo denboraldian langile bakarra dago lanean, sagar urtea izaten ez den gainontzeko urtetan bezala. Sagar urtetan bi egoten dira.
Bazkideak, 30 inguru
Gaur egun 30 bazkide inguruk osatzen dute elkartea; Zaldibarko berri bat gehitu da. Eta Osorok gogorarazi du interesa duen edonor egin daitekeela ASEko bazkide. Horiek, gutxiago ordaintzen dute zukua egitearen prozesua. Txandak hartzeko deitu 644 934 603 telefonora.