Domeka honetan egingo dute Sagardo Eguna Aramaion, eta aurtengo edizioa berrikuntza batekin dator: Euskal Sagardoaren dastaketa gidatua antolatu dute Mikel Garaizabal sommelierrarekin. Eguna osatzeko helburuarekin sartu dute egitarauan jarduera hori eta Garaizabalek aurreratu du dastaketaren helburua izango dela Euskal Sagardoari buruzko xehetasunak ematea, partaideak heztea eta Euskal Sagardoari balioa ematea: "Ez da edatea bakarrik. Gure helburua da jendea heztea, formatzea eta ikustea gaur egun ze sagardo mota egiten diren. Azalduko dut dastaketaren oinarria; hau da, sagardoa nola dastatzen den. Horrela ikasiko dute dastaketaren oinarria zein den, zelan dastatzen den...". Horretarako, adibide gisa jarriko ditu lauzpabost Euskal Sagardo ezberdin.
Sommelierrak dio partaideek entrenamendu "txiki bat" egingo dutela zentzumenekin, gero, dastaketa amaitzen denean, sagardo postuetako sagardoak oinarri batekin dastatzeko.
Sagardoaren "iraultza"
Euskal Sagardoaz galdetuta, azaldu du sagardo tradizionalaz gain badirela beste mota batzuk: "Badago iraultza txiki bat Euskal Sagardoan. Lehen, sagardogileek sagardo mota bakarra ekoizten zuten, baina orain, badaude sagardotegiak lau, bost, sei... sagardo mota egiten dituztenak. Urtekoak, kupelean sartzen dituztenak, partzelarioak, monobarietala, bibarietala... Domekan dastatuko ditugu iraultza horretako hainbat sagardo".
Herritarrak dastaketan parte hartzera animatu ditu. Dastaketa horretan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da, 25 plaza daude eta. labur.eus/nO5yD webgunean edo 945-44 50 16 zenbakira deituta lortu daiteke gonbidapena. 18 urtetik gorakoek har dezakete parte.
Edaria, jana eta dantzak
Oletako Administrazio Batzarrak zabalduko du txotxa, 12:30ean, eta ondoren dastatu ahal izango dira herriko ia hamar ekoizleren sagardo eta zukuak. Taloak ere egongo dira salgai. Lagun Artean dantza taldeak sagar dantza egingo du eta Gesaltza fanfarreak girotuko du plaza.
Zukua eta sagardoa egiteko txandak
Azken urteetan egin bezala, Aramaioko Sagardogileen Elkarteak (ASE) irailaren 17an zabaldu zuen aurtengo denboraldia, eta martitzenetik hartu dezakete herriko ekoizleek hitzordua Mendixolako zentroan zukua eta sagardoa egiteko. Aurrez egin behar da gunearen erreserba, eta, horretarako, 644 93 46 03 telefono-zenbakira deitu behar da.