Musikaria eta konpositorea. Aramaioko seme kuttuna. Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioko zuzendari nahiz irakasle ohia. Euskal musikaren sustatzaile eta bultzatzailea. Ohorezko Euskaltzaina. Hori guztia eta gehiago da abuztuaren 20an 90 urte bete zituen Sabin Salaberri (Aramaio, 1934). Egun hartatik hainbat omenaldi jaso ditu; azkena, martitzenean, Urrezko Zeledonak elkartearen eskutik. "Nik uste dut pasatzen ari direla. Ez dakit nik egin dudan lana horrenbesterainokoa ote den. Zerbait egin dut, baina beste hainbat pertsona bezala. Beti eskertzen da norbaitek kontuan izatea egin dudana, baina besterik ez", adierazi du Salaberrik Urrezko Zeledon Sariaren ekitaldian egindako omenaldiaren biharamunean.
2023ko Urrezko Zeledona jaso zuen Elena Martinez de Madina ikerlariak eta entregaren ostean, besteak beste, Sabin Salaberriren hainbat pieza jo zituzten Gasteizko Udal Musika Bandak eta txistulariek Salaberri bera ekitaldian zela; tartean, Urrezko Zeledonak elkartearen ereserkia eta Salaberriren Agur zaharra pieza. Baita Jose Maria Alegria Pinttu-k konposatutako eta Salaberrik armonizatutako pieza berria ere. Oroigarria jasotzeaz gain, kandelak itzali ahal izan zituen bere izena daraman tartan. "Emozioz betetako arratsaldea izan zen. Negar egiteko zorian egon nintzen", dio.
Urrezko Zeledonak elkarteko presidentea den bere lagun eta herrikide Jose Mari Velez de Mendizabalek azaldu du "keinu xume" bat egin nahi ziotela musikariari: "Gure begirune eta maitasuna aurkeztu diogu. Oso pertsonaia maitagarria da. Emakumezko eta gizonezko guztien atxikimendua du gure erakundearen kasuan. Urrezko Zeledona ere badu".
Ibilbidea erakusketan jasota
Martitzeneko ekitaldiaz gain, Sabin Salaberriri eskainitako Koloredun notak erakusketa zabalik dago Gasteizko Ignacio Aldekoa kultur etxean. Inspirarte Elkarte Soziokulturalak Urrezko Zeledonak elkartearekin lankidetzan egindako proiektua da eta zazpi artistak eginiko obrak daude ikusgai urriaren 2ra arte, aramaioarraren ibilbide pertsonalean eta profesionalean oinarritutakoak.
Erakusketari dagokionez, Velez de Mendizabalek adierazi du artista taldeak elkartera jo zuela laguntza bila: "Sabin gure kide ospetsuenetakoa da, eta, orduan, baietz esan genion". Salaberrik 90 urte bete zituen egun berean inauguratu zuten eta orduko hartan ere han izan zen Salaberri. Gogoan du musikariak nola jarri ziren margolariak berarekin harremanetan elkarrizketa egin nahi ziotelako. Aitortu du ez ziotela esan zertarako zen elkarrizketa hura: "Bat-batean esan zidaten era kusketa bat sortu zutela eta hara eramango nindutela. Asmoa izan zen margoaren eta nire musikaren arteko harremana nola erakutsi. Artistak dira eta gauza polita egin zuten".
'Ametsak' dokumentala
Oraindik, beste omenaldi bat falta zaio: Ametsak dokumentala. Hilaren 25ean estreinatuko da Urrezko Zeledonak elkarteak, Inspirartek eta Vital Fundazioak elkarlanean eginiko ikus-entzunezkoa, Gasteizko Dendarabako Vital Fundazioaren Gelan. Zuzendaria Eloy Gonzalez izan da eta gidoia Enrike Ruiz de Ganboa Aldak idatzi du.
Ikus-entzunezkoaz Salaberriri galdetuta dio ez daukala "inolako erreferentziarik". Dakiena da noiz estreinatuko den, baina ez diote "gauza garbirik esan. Badirudi sorpresa bezala eskai- ni nahi dutela".
Dokumentalaren izenak Salaberri taldekide zen Amets taldeari egiten dio erreferentzia. Velez de Mendizabalek lanaren nondik norakoak kontatu ditu: "Haren bizitzako ibilbidea jasotzen du, jaio zenetik. Abade ere izan zen 1975era arte. Oso apaiz apurtzailea izan zen garai hartan. Aurre egin zion Elizaren hierarkiari. Horregatik joan zen Elizatik. Euskarazko mezak esaten saiatzen zen debekatuta zegoen garaietan. Sabinek marka utzi du Arabako gizartean; osoan ez dakit, baina euskaldunean, bai. Hura da figurarik garrantzitsuenetakoa. Euskaltzale ikaragarria, ikastolen bultzatzailea... Zer esanik ez Elizatik atera eta musikari heldu zionean".
Velez de Mendizabalek aurreratu du badutela asmoa hainbat aretotan erakusteko dokumentala, eta Aramaiora ere ekarri nahi dutela, nahiz eta oraindik data zehatzik ez eduki.
Omenaldi guztiengatik esker hitzak izan ditu Salaberriak: "Nire eskerrik beroenak ematen dizkiet gauza hauek antolatzen ari direnei".
'Sabin Salaberri' tarta
Omenaldi guztiei ginga jartzeko eta Sabin Salaberriren 90. urtebetetzea ospatzeko, Gasteizko gozogintzako gremioak Sabin Salaberri izeneko tarta sortu du, Urrezko Zeledonak eskatuta, eta, Velez de Mendizabalek jakinarazi duenez, dagoeneko salgai dago Gasteizko gozotegietan, enkarguz eskatuta. Tarta martitzenean aurkeztu zuten, Urrezko Zeledon Sariaren ekitaldian, Luis eta Eduardo Lopez de Sosoaga gozogileek. Egun hartan bertan izan zuen aukera haren izena daraman tartako kandelei putz egiteko, bertaratu ziren guztiek Zorionak zuri abesten zioten bitartean.
Albistea "harrituta" hartu du protagonistak, ez baitzeukan horren berririk: "Hori gauza berria da. Nik horretaz ez dakit ezer. Asmoa izango dute".