Oihane Vicente: "Lagun Artean dantza-taldeak familia eta etxe bat eman dizkit"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko uzt. 12a, 11:22

Oihane Viente. (O.V.).

Ibilbide profesionala dantza-mugimendu terapiarantz bideratzeko erabakia hartu du azken zazpi urteetan Aramaioko dantza-taldeko irakasle izan den Vicentek.

Oihane Vicente (Zumarraga, 1988) izan da Aramaioko Lagun Artean dantza-taldeko irakaslea, eta sanmartinetako domekan itxi zuen azken zazpi urteetan Aramaion egin duen ibilbidea.

Lagun Artean dantza-taldeko zazpi urteko etapa amaitutzat eman duzu; zer dela eta?

Nire ibilbide profesionala dantza-mugimendu terapiarantz bideratu nahi dut, eta, horretarako, euskal dantzako irakasle etapari amaiera eman diot.

Zaila izan da erabakia hartzea?

Bai, oso zaila izan da zazpi urteren ondoren erabakia hartzea; batez ere, oso gustura nengoelako bertan. Baina beste norabide profesional bat hartzeko beharrezkoa izan da.

Nola hartu dute berria Lagun Artean dantza-taldean?

Penaz hartu dute, baina ziur nago datorren irakaslearekin ere oso gustura egongo direla.

Euskal dantzei ukitu berezia eman diezu eta hori, besteak beste, herriko emanaldietan ikusi da.

Irakasle bakoitzak bere ikuspuntua du, bere metodologia, eta Aramaion nire proposamenak beti izan dira ongietorriak. Beraz, bi aldeetatik aldez aurretiko jarrera ona dagoenean, aldaketak aurrera eramatea erraza izaten da.

Domekan jaioberrien omenaldiko ekitaldian agurtu zenituen Aramaioko herritarrak; zer-nolako unea izan zen?

Oso berezia, bi arrazoirengatik: batetik, azkena izan zelako; bestetik, dantza eta bertsoekin sorpresa bat prestatu zidatelako. Oso hunkigarria izan zen.

Dantza-taldeetan emakumezkoak gehiago izaten dira gizonezkoak baino; nola bultzatu gizonezkoak?

Hasteko, ekintzek ez dute generorik. Bigarrenik, hau guztia heziketa kontua da, helduon ardura da. Gurasoek, aitona-amonek eta haurrek dituzten irakasle guztiek artea, orokorrean, eta dantza, kasu honetan, beste edozein ekintza bezainbeste baloratzen hasteko momentua da. Gu gara haurren eredu. Kultura kontsumitzen hastean ematen dugun ordu kopurua igo beharko genuke.

Nolatan Aramaion dantza-irakasle?

Lagun batek esan zidan irakasle bila zebiltzala eta animatu egin nintzen.

Zer-nolako taldea aurkitu zenuen etorri zinenean?

Oso talde polita, eta ikasteko gogo handiarekin.

Eta zer-nolako taldea uzten duzu?

Tradiziotik sorkuntzara salto egin duen taldea. Euskal Herrian ditugun dantza zoragarriak ikasteaz gain, dantza komunikatzeko, sormena lantzeko, lagunak egiteko norberaren garapenerako eta ondo pasatzeko baliabide gisa ikusten duen taldea.

Zer eman dizu Lagun Arteanek?

Baiezkoa, beti. Familia bat eta etxe bat eman dizkit.

Hemendik aurrera non aurkituko zaitugu?

Esan bezala, dantza mugimendu terapia proiektuetan murgilduko naiz, hainbat herritan egingo ditut proposamenak. Urretxuko Mixtura zentroan hainbat talde proposamen egingo ditut. Bergaran, Oñatin eta Urretxun Emakumeak mugimenduan izeneko ikastaroa emango dut, Udaleko Berdintasun Sailak antolatuta. Horrez gain, eskolaz kanpoko ekintza gisa, haurrendako sormen-dantza espazioak aurrera eramango ditut. Kultura-eskola katalogoaren barnean ere proiektu bat sortu nuen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleekin egiteko. Asteburuetan, berriz, Dantza familian saioak emango ditut; baita Mugimendua loratzen tailerrak ere.

Jarraipena izango du lagun Artean dantza-taldeak?

Zalantza barik. Norbaitek interesa izango balu bertan irakasle lan egiteko, jarri dadila haiekin harremanetan Instagram bidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak