Bertso-eskolako kideek botako dute Aramaioko sanmartinetako txupinazoa

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko uzt. 5a, 09:04

Anbotoko Mariren jaitsiera, iaz. (Argazkia: GOIENA).

Aurten ere Anbotoko Mariren jaitsierarekin hasiko dira sanmartinak, gaur arratsaldean, eta astelehenera bitartean festa giroa izango da herrian; herri kirolez, musika emanaldiez, parrilladaz eta herri afariaz gozatzeko aukera egongo da.

Gaur arratsaldeko zazpietan emango zaie hasiera uztailaren 8ra arte iraungo duten San Martin jaiei. Ordu horretan jaitsiko da Anbotoko Mari menditik udaletxeko balkoira, eta horrekin batera botako dute txupinazoa eta pregoia.

Aurten, Aramaioko bertso-eskolak izango du horretarako ardura, eta albistea "pozik" hartu dute, bigarren aldia izango badute ere. "Proposamena gustura hartu genuen. Ederra da herriak halako aitortza bat egitea. Urteetan zehar egindako lana herriak aitortzea pozgarria da", diote bertso-eskolakoek.

Ume jaioberriak

Iazko sanmartinetatik hona herrian jaio diren hiru jaioberriri egingo diete ongietorria domekan plazan, eta, ostean, Lagun Artean dantza taldeko 72 ikaslek dantzan egingo dute. "Zazpi talde dira eta bakoitzak koreografia bat prestatu du egun horretarako. Ezin dugu gehiagorik esan, baina kolaboratzaileak egongo dira", dio dantza taldeko Oihane Vicente irakasleak.

Festak, musikaz blai

Jaietako beste protagonista kontzertuak izan ohi dira, eta plazan eta txosnagunean jarriko dituzte oholtzak. Plazan gaur Ziortza eta Leire erromeria taldeak joko du, eta bihar, Estampa de Mexico mariatxiek. Kittu taldeak egingo du emanaldia domekan.

Txosnetan, berriz, gaur Bele eta Raimundo el Canastero arituko dira, eta bihar, Sukena, Hankaz Gora eta The Clayton taldea. Festen azken egunean, DJ Ynoxek jarriko du musika.

Halere, festetan zehar, elektrotxarangak, kantu-jirak eta beste zenbait musika emanaldik girotuko dituzte kaleak.

'Aramaixokue izengo bazan', laburren gaia

Beste urte batez antolatu du Aramaioko Gazte Asanbladak korto lehiaketa. Domekan izango da, 23:30ean, eta aurtengo gaia da Aramaixokue izengo bazan. Gazte Asanbladak adierazi du aurreko urteetan lehiaketak izan duen beherakada dela-eta aurten ziurtatu egingo dutela lan bat, behintzat, eta Asanbladak parte hartuko duela. Luzera librea da eta herritarrak animatu dituzte lehiaketa horretan parte hartzera: "Edonork hartu dezake parte, baita Aramaiokoak ez diren taldeek ere".

Halaber, azken urteetako ohiturari jarraituz, kuadrillen arteko pikea antolatu dute astelehen arratsalderako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak