Gorbeialdeko Kuadrillak berak dauka kuadrilletako zabor kudeaketaren ardura, eta errefusa murrizteko estrategia ari da lantzen herrietako Udalekin lankidetzan, tartean Aramaiokoarekin. Hortik abiatuta, biohondakinen plangintza dokumentua aurkeztu zuen Gorbeialdeko Ingurumen teknikari Jon Toñak pasa den astean Sastiñan. Araban hiri-hondakin solidoen %60 inguru errefusa bezala batzen dute, errefusa eta organikoa nahastuta jasotzen dituzte. Hori "arazo larria" dela azpimarratu zuen Toñak eta horretaz gain, 2022an Espainiako estatuan ere hondakinen kudeaketarako legea onartu zela.
Ereduaren zehaztapena
Hori horrela, hondakin organikoa errefusatik ateratzea eta herri-mailan tratatzea da helburua; hau da, konposta egitea. Aurreratu zuen Toñak aholkulari tekniko batekin ari direla azterlan bat egiten eta azterketa horrek zehatuko duela organikoa nola kudeatu herri bakoitzean. Hala ere, Aramaion ze asmo duten aurreratu zuen. Batetik, etxeko konpostajearekin jarraitzea: "Hori aukera bat da, ez dena berria, baina estrategia berri honekin indartu behar da". Bestetik, auzo-konpostaje gunea. Ibarran badaude bi gune, baina proiektu berriarekin organiko kopurua igo egingo dela ikusten dute, eta horregatik Toñak planteatu zuen litekeena dela dauden gune horiek handitzea edota gehiago jartzea. Auzo-konpostajearen modeloa auzoetan erabaki behar dela azpimarratu zuen Ingurumen teknikariak 15-20 etxebizitzaren parte-hartzea beharko delako.
Hala, elkarte gastronomikoei, tabernei, jatetxeei, dendei edota eskolari ere eskatuko diete organikoa nola kudeatuko duten erabaki eta udalari jakinaraztea.
Errefus edukiontziaren kontrola
Aurreratu zuen Toñak errefusaren edukiontziak itxi egingo dituztela eta bilketa zerbitzu horren maiztasunak ere jaitsi egin beharko direla. Emaitza "arrakastatsua" izateko herritar guztien inplikazioa behar dutela azaldu zuen Ingurumen teknikariak, "denok sortzen baititugu hondakinak eta denok daukagu erantzukizun soziala".
Edukiontzietan zaborra pilatuta
BAT sindikatuak jakinarazi du zaborrak batzeko ardura duen Daorje enpresak etenda duela hitzarmen-negoziaketa haren langileekin eta, horren ondorioz, langileek lanaldiak "murriztu" behar izan dituztela. Ondorioz, pilaketak sortzen ari dira edukiontzietan. Langileek euren lan-egoera salatu eta herrian sortzen ari diren pilaketengatik barkamena eskatu dute.