Euskadiko Sokatira Txapelketako lur gaineko finala jokatu zen atzo Aramaion eta txapelketaren ostean, 1979an Aramaiotik Europako Txapelketa jokatzera Suediara joan zen taldea omendu zuten. Txalo eta oihu artean hartu zituzten gaurkoek orduko sokatiralariak eta Aramaioko udaleko ordezkariak eta herritarrak ere izan ziren bertan. Bertsoak eta dantzak eskaini zizkieten herritarrek duela 45 urteko talde txapeldunari.
Gaztedi A taldea, Euskadiko txapeldun
Euskadiko lur gaineko 640 kiloko finala jokatu zen atzo Aramaion eta erakustaldi ederra eman zuten lehian aritu ziren zazpi taldeek. Laukizko Gaztedi A taldeak irabazi zuen txapelketa 16,5 punturekin eta atzetik geratu ziren, Erandioko Goiherri (16,5 punturekin), Mutriku (5 punturekin), Akelarre (3,5 punturekin), Gaztedi B (3,5 punturekin), San Jeronimo (2 punturekin) eta azkenik Saturraran (puntu bakarrarekin).