Euskadiko Sokatira Txapelketako lur gaineko finala jokatuko da bihar Aramaion, eta, txapelketaren ostean, 1979an Aramaiotik Europako Sokatira Txapelketa jokatzera Jönköpingera (Suedia) joan zen taldea omenduko dute. Jon Andoni Axpe (Aramaio, 1961), Juan Jose Ibabe (Aramaio, 1962), Patxi Jauregi (Aramaio, 1954) eta Heriberto Arriolabengoa (Aramaio, 1963) geratzen dira orduko taldetik. Lorpen "izugarriak" istorio "harrigarria" dauka atzean, ez baitzuten sokatiran egin.
Eusebio Bengoa Kubala entrenatzailea buru zutela joan ziren Julian Ibabe, Javier Jauregi, Javier Maskariano, Julian Etxabe, Jesus Etxabe, Lorenzo Ugarte, Felipe Kortabarria, Valentin Beitia, Benito Jauregi, Jon Andoni Axpe, Juan Jose Ibabe, Heriberto Arriolabengoa eta Patxi Jauregi Europako Txapelketara Espainiako selekzioa ordezkatuz, aurrez Balmasedaren aurkako lehia irabazita. 18 eta 20 urte bitartean zituzten, gutxi gorabehera. "Guretzat eta, oro har, Aramaiorentzat sekulako poztasuna izan zen", dio Jon Andoni Axpek. "Don Jose apaizak ere sermoian esan zuen: 'Hemen jendea falta da eta ea txapeldun izatea lortzen duten", gehitu du Patxi Jauregik. "Eta guk tiratu ez", erantzun dio Heriberto Arriolabengoak.
Oinetakoak "arazo"
Abarkak jantzita goman egiten zuten sokatiran, baina Suediako Txapelketa hartan aramaioarrek ezagutzen ez zuten "beste zerbaitekin" tiratu behar zuten, Axperen esanetan: "Imajinatu soldadu-bota batzuk azpian ferrekin. Guk horrelako gauzarik ez genuen eraman". Aurrez saiatu ziren antzeko oinetakoak eskuratzen. Aguraingo zapata-denda batean zer egin zezaketen galdetu zuten, eta Jauregik kontatu du taldekide bat saiatu zela eskiatzeko botei aurreko aldea kendu eta ferrak josten.
Mutrikuko taldea ere joan zen eurekin, baina talde modura, eta Juan Jose Ibabek azaldu du haiek gomendatu zietela ez tiratzeko, "guztiz ezberdina" zelako. Hori horrela, sokatira baino lehenagoko pisaketan ere ez zuten parte hartu. Hori horrela izanda, Arriolabengoak aitortu du "turismoa" egin –lehen aldia zuten Euskal Herritik kanpo– eta hango sokatiraz gehiago ikastera joan zirela, guztia ordainduta zeukatelako. Bidaia hartatik bota bat ekarri zuten, gero eurek kopiak egiteko, eta mugarria ere izan zen bidaia, ondoren hasi baitziren lur gainean sokatiran.
Sokatirarako grina
1975ean sortu zen Aramaioko sokatira taldea, eta pisu librean aritzen ziren. Jauregik gogoan du egunkarian irakurri zutela Euskadiko Sokatira Txapelketa jokatu behar zela Urnietan 640 kiloko modalitatean: "Hara joan ginen eta pentsatzen genuen aurkarien pisu berean zerbait egingo genuela, baina hasi ginen eta ez genuen ezer lortu". Horren ostean, Arabako Herri Artekoan, festetan eta beste hainbat txapelketatan hartu zuten parte. Axpek nabarmendu du lehen urtean ez baina ondorengoetan Araban nagusi izan zirela. Ez zuten lortu, ordea, Euskadiko txapeldun izaterik.
Aramaioko sokatiraren urrezko aroa 1978 eta 1983 bitartean izan zela dio Jauregik, eta ondoren desagertu egin zela. Eurak ere urte haietan aritu ziren sokari tiraka, baina arrazoi pertsonalak medio sokatira utzi zuten. "Badakizu, ordaindu gabeko kirola azkar amaitzen da", dio, barrez, Ibabek, laurek azaldu dutenez, afaria ordaintzeko beste lortzen baitzuten.
Halere, urte batzuk geroago, gazte mailako talde bat osatu zen herrian, baina urte gutxiago iraun zuen. "Herri txikietan zaila da taldea mantentzea edozein kirol izanda ere. Afizio handia behar da", gehitu du Axpek.
Omenaldia bihar
Euskadiko Sokatira Txapelketako gizonezkoen lur gaineko finala, 640 kilokoa, Aramaion jokatuko dela aprobetxatuz, omenaldia jasoko dute lau sokatiralariek finalaren ostean, trikiti eta bertso artean. Halaber, finala frontoi azpiko zelaian izango da, 18:00etan hasita, eta sei taldek hartuko dute parte. Talde horien pisaketa 15:00etik 16:30era egingo dute.