Ir a kurrin egitasmoaren 15. edizioa egingo dute gaur, arratsaldeko zazpietan, Aramaixo Herri Eskolako aterpean. Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloetako ikasleei eta haien familiei zuzendutako literatur jarduera da, baina, eskolatik aurreratu dutenez, DBH1eko ikasle ohiak eta irakasleak ere animatzen dira.
Nerea Loiolaren 7G liburua oinarri hartuta, teknologiarekin zerikusia duten udalekuetan barrena murgilduko dira gazte eta helduak, kuxinaren gainean eserita eta bisera nahiz motxila soinean norberak aukeratutako pasarteak landuz eta taldekideekin partekatuz. Irakurrita izan beharko dute liburua, eta, Aramaixo Herri Eskolakoen esanetan, liburu ezberdina eta, aldi berean, jolastia delako aukeratu dute Loiolaren liburua: "Ez da hasieratik bukaeraraino modu jarraian irakurri daitekeen liburua. Aldi berean, irakurlea jolasean jartzen du liburuak dituen pista eta enigmetan".
Liburu-solasaldia baino gehiago
Talde txikietan banatuko dituzte, nahastuta, haurrak eta gazteak, eta ordubete inguruko saioan aurrez ekarritako pasarteren baten gainean eta liburuaz, orokorrean, hitz egingo dute.
Alabaina, ez da solasaldia bakarrik izango. Liburuan girotutako afaria egingo dute. Afaria eskolaren kontura izango da, baina edalontzia eta platera eraman beharko dituzte herritarrek, "plastikozko poltsa batean sartuta", antolatzaileek hala adierazita. Afalostean, "ekintza sorpresa" egingo dute, liburuarekin edo gaiarekin zerikusia duena: "Bai afaria zein festa bereziak izango dira, eta ziur aurtengo Ir a kurrin, beste urte batzuetan bezala, mundiala eta berezia izango dela; inoiz ahaztuko ez dugun arratsaldea pasatuko dugu".
Literaturaz ezberdin gozatuz
2013-2014ko ikasturtean egin zuten Ir a kurrin-en lehenengo saioa, eta, hasierako saioetan ikasturteko neguko eta udako ekitaldiak egiten baziren ere, bakarrera mugatu zuten. Helburuak dira literaturaz gozatzea, partaide guztien artean testuaren esanahia eraikitzea, argudiatzen ikastea, balio positiboak lantzea eta elkarrekin une gozoak bizitzea. Gainera, partaideek solasaldietan, irakurritakoa abiapuntu hartuta, gogoetak, zalantzak, interesak edota eztabaidak azaleratu ditzakete. Gogoeta eta interpretazio guztiak balekoak dira, eta testuaren zentzua aberasten dutela diote.
Bestalde, Aramaixo Herri Eskolako ordezkariek aurreratu dute maiatzaren 17an Berbapuxika saioa egingo dutela, lehenengoz, LHko lehen zikloko eta HHko 4-5 urteko ikasle eta familiendako.