Haizea Lopez: "Aramaio ezagutu nuenean liluratu egin ninduen"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko api. 12a, 11:09

Haizea Lopez eskuetan 'Alianza de sangre' liburua duela. (Argazkia: H.L.).

Aramaion kokatu du Alianza de sangre izeneko eleberria Haizea Lopez Sopelako idazleak; liburuak bultzatuta ezagutu du bertatik bertara herria, aurrez sekula egon barik baitzegoen.

Aramaion gertatutako erailketa bat du ardatz Haizea Lopez (Sopela, 1992) idazlearen Alianza de sangre eleberriak. Martxoaren 21ean ikusi zuen argia, eta, liburuaren hasierako bertsioa Iparraldean kokatuta bazegoen ere, haren ordezkariak gomendatuta lekualdatu egin zuen.

Misterio handiko thriller bat Aramaion kokatu duzu; zergatik?

Aramaion izatearen arrazoia oso kuriosoa da. Bizitzan lehen aldia da eleberri bat guztiz berridatzi behar izan dudana. Hasieran, Iparraldean kokatuta zegoen. Nire ordezkariari asko gustatu zitzaion eleberria, baina kokapenak ez zuen konbentzitu. Orduan, esan zidan Bizkaiko edo Arabako herriren batean kokatuko lukeela istorioa. Zerrenda egin nuen eta horien artean zegoen Aramaio. Nire faboritoa zen. Sekula han egon barik nengoen. Autoa hartu eta hara joan nintzen. Albinako urtegian buelta bat eman nuen eta herrira joan nintzen. Udaletxean dokumentazioa eskatu nuen: mapak, herriko historia, istorioak… Eta jakin nahi nuena zen ea uneren batean norbait bizi izan zen urtegian, etxerik egon ote zen… Eta kamineroen etxeari buruzko informazioa topatu nuen. Leku perfektua iruditzen zait.

Herrien arabera zerren arabera osatu zenuen?

Zenbait baldintza bete behar zituzten: mendialdean zegoen herria izan behar zuen, txikia eta biztanle gutxikoa, eta urtegi edo laku bat eduki behar zuen kanpoaldean, protagonistak isolatu behar bainituen.

"Espero dut irakurleek nik idazten disfrutatu dudan bezain beste gozatzea"

Aramaioko zerk erakarri zintuen?

Zerrenda egin nuenean nire gustukoena zen. Argazkietan ikusi, eta ipuinetako herria zela iruditzen zitzaidan. Ikusi nuen Suitza txikia ere deitzen diotela, eta informazio pila irakurtzen hasi nintzen. Harrizko galtzadak harrapatu ninduen. Herriaren esentzia mantentzen du, mendialdeko benetako herria da. Joan nintzenean eta ingurua ezagutu nuenean, liluratu egin ninduen. Behar nuen esentzia mantentzen du, eta ez nuen zalantzarik izan.

Eleberria idazteko, nola ezagutu ondo herria inoiz han egon gabe?

Informazioa lortzen igaro nuen denbora gehien. Urtegia bisitatu eta ez nuenean gertu etxerik ikusi, pentsatu nuen lekuak ez zuela balioko. Informazioa eskatu eta irakurri nuenean, garai batean etxea zegoela jakin nuen, eta lizentzia literarioa hartu nuen Maialen eta Gari han kokatzeko. Hiru aldiz bisitatu nuen, gutxi gorabehera.

Espoilerrik egin gabe: Iratxe Galdeanoren erailketa da ardatza.

Iratxe Galdeano aktorea hilda agertzen da film labur baten aurkezpenean Sastiñako ermitan. Gari, haren bikotekidea, da susmagarri nagusia, eta aramaioarrek ere argi daukate Garik erail duela Galdeano. Modu berean, poliziak ere nahiko argi dauka Gari izan dela. Jokoa da Maia- lenek, Iratxeren eta Gariren haurtzaroko lagunak, Gariren errugabetasunean sinetsi beharko duela. Etengabeko joko psikologikoa da.

Jaso duzu aramaioarren feedbackik?

Uste dut ezetz. Egia da maiatzeko Lorabarri azokan egoteko gonbidatu nauela Aramaioko Udalak. Gogo handia daukat herriaren kritika jasotzeko. Ilusioa egiten dizu, baina baita beldurra ere. Azkenean, ez naiz hangoa, ez da nire ingurua. Beti duzu herritarrak dezepzionatuko dituzun beldurra.

Ibilbidea hasi du eleberriak; zer bide izatea gurako zenuke?

Espero dut eleberria irakurtzen duen orok nik idazten disfrutatu dudan bezain beste gozatzea. Uste dut hori dela helburu nagusia, irakurlea orrietara itsatsita geratzea, amaierara heldu eta harritzea. Espero dut herritarrak eroso sentitzea idatzi dudanarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak