Seitik hiru aramaioarrak ziren atzo Gasteizko Printzipal antzokian jokatutako Arabako Bertsolari Txapelketako finalean eta edozeinek irabaz zezakeen. Azkenean, seietatik gazteenak, Gasteizko Aroa Arrizubietak jantzi zuen txapela 614,5 puntu lortuta. Puntu bakarraren aldeagatik ez zuen irabaztea lortu Manex Arriolabengoak. Hirugarren gelditu zen Paula Amilburu 415 punturekin, Peru Abarrategi laugarren 412,5ekin, Asier Otamendik 410,5 lortu zituen, eta Iñaki Viñasprek 381,5 puntu.
Hiru aramaioarrak gustura gelditu ziren bakoitzak egin zuen finalarekin eta sentsazio positiboekin bukatu zuten txapelketako finala hirurek.
Agirrek txapelketak utziko ditu
Buruz burukora iristea lortu zuen Manex Agirrek eta agurreko bertsoan esan zuen txapelketak utziko dituela. Finalaren ostean, halaxe eman zion Agirrek GOIENAri erabakiaren berri: "Aspalditik hartutako erabakia da. Txapelketa barruan zaudenean zalantzak sartzen zaizkizu oso ederra delako hau barrutik bizitzea. Gainera, guk Aramaion taldean bizi dugu eta elkarri laguntzen diogu, eta txapelketa barruan zaudenean hori askoz ere biziago sentitzen duzu. Orduan, aurtengo txapelketa izan da beste modu intentso bat bertsoa bizitzeko, nik bertsoa intentsoen bizi dudan momentua txapelketa da, eta horrek dudak sartzen dizkizu. Baina erabakia hartuta zegoen. Hogei urte baino gehiago egin ditut bertsotan eta plazer handi bat izan da hemen egotea azkenengo urte hauetan. Gainera, Printzipal antzokian agurra, zer gehiago eskatu dezaket guretzako honek esan nahi duen guztiarekin?".
Egindako finalaren gustura gelditu zen gainera: "Pozik nago. Txapelketa oso ondo bukatu dudalako eta oso pozik bukatu dudalako eta finalean sentitu naizelako txapelketa onetan moduan, sentsazio onarekin, gustura, disfrutatzen gainera, oso gustura. Baina bukaera ez da izan nik nahiko nukeena, poto bat egin dut hor, eta oso-oso gertu nenbilen eta horrek uzten du zauri txiki bat, baina ez dut uste askorako emango duenik honek".
Amilburu eta Abarrategi ere, gustura
Amilburuk lortu zuen hirugarren postua eta sentsazio hauekin amaitu zuen finala: "Pila bat disfrutatu dut eta oso pozik nago egindako lanarekin. Penaren bat gelditu zait, baina zoriontsu nago. Lasai ikusi dut nire burua, momenturen baten trabatu zaizkit pare bat, baina lasai, dena zetorren konfiantzarekin". Gaineratu zuen sorpresaz seiko motzean, Barbie-ren papelean, oso eroso sentitu zela.
Abarrategi ere pozik dago egindakoarekin: "Gogotsu nengoen, uste dut gozatu dudala, ikusi naiz apur bat arrankatu ezinka momenturen batzuetan, baina ondo, pozik geratzen naiz egindakoarekin. Jakin izan dut gaurko aukera disfrutatzen, ez dut uste egunik disdiratsuena izan dudanik, baina guztiak ere ez dira izaten horrelakoak eta pozik geratzen naiz txapelketan egindako lanarekin".
Arrizubieta irabazlea, berriz, garaipena barneratzen zegoen, finalaren ostean: "Gorabeheratsu eta nire burua aurkitu nahian egon naiz finalean, baina bukaerarako, gustura eta pozik. Egia esan ez nuen espero txapela janztea, ez dakit den besteak beti gorago ikusten ditugulako edo zer, baina nik argi neukan Manex oso ondo zebilela borobiltzen dena ez nuen espero batere".
Aramaioarren berotasuna izan dute
Printzipal antzokia 700 bertsozale inguruz bete zen eta tartean izan ziren nola ez, aramaioar ugari, euren herrikideei babesa ematen. Momentu hunkigarriak ere bizi izan ziren, batez ere amaieran, eta malkoren bat edo beste ere ikusi ahal izan zen publikoan.