Aramaioko kontsultategiko hizkuntza erabileraz, Galesen

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko mar. 8a, 12:08

Aitor Montes, eguaztenean, Aramaioko kontsultategi aurrean. (Argazkia: I.A.A.).

Aitor Montes Aramaioko medikuak herriko kontsultategiko euskararen erabilerari buruzko hitzaldia egin du, besteak beste, Galesko Unibertsitate batean; atera duen ondorioetako bat da kalean baino gehiago erabiltzen dela euskara kontsultategian.

Aitor Montes Aramaioko medikuak Debagoieneko eta, batez ere, Aramaioko osasun etxeko euskararen erabilerari buruzko datuei buruzko hitzaldia egin du Galesko Abertawe Unibertsitateak antolatutako Gofalu yn Gymraeg kongresuan –galesera eta osasun arreta uztartzen dituen kongresua–. Aramaioko medikua eta erizaina pazienteekin zein hizkuntzatan aritzen diren jaso du azterketa batean; baita deribazioak, telefono deiak edota administraritza kudeaketak zein hizkuntzatan egiten diren ere: "Galesen ohituta daude ingelesa erabiltzera, baina osasungintzan ere galesera lehen hizkuntza izateko pausoa eman nahi dute. Hitzaldia egiteko eskaera egin zidaten, eta proposatu nien Debagoieneko eta, nire kasuan herriko kontsultategiko euskararen egoerari buruz hitz egitea".

Atzera begirako azterketa egin du, 2023ko urria aztertuta; izan ere, haren esanetan, aztertu behar dena zer den aurretik jakinez gero, litekeena da neurketaren emaitza "benetakoa ez" izatea.

Euskaraz kalean baino gehiago

Bildu dituen datuen arabera, %63 inguruk hitz egiten dute euskaraz Aramaion kalean –Eusko Jaurlaritzaren azken datuak 2017koak dira–, baina %68k aukeratu dute euskara medikuarekin edo erizainarekin aritzeko. "Deigarria izan da, agian, atera dugun datua; jende guztiak uste duenaren kontrakoa. Hemen daukagu hizkuntzaren ezagutza-maila eta kaleko erabilera. Osakidetzaren barruan, lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa. Antzeman duguna da datuak ikusita kontsultate- giaren barruan bai erizainarekin baita medikuarekin ere euskara gehiago erabiltzen dela kalean baino", dio.

Hala ere, aurreratu du Aramaioko kontsultategiko euskararen erabileraren %68 hori handiagoa izan zitekeela, batik bat, bi arrazoirengatik: batetik, Aramaion dago gazte-justiziako hezkuntza-zentroa: "Gehienak erdaldunak dira, eta, hortaz, erdara erabiltzen dugu". Bestetik, etxez etxeko arretako zerbitzuan ikusi du pazienteek euskaraz jakin arren zaintzaile gehienak emakume etorkinak direla eta horrek baldintzatu egiten duela euskararen erabilera: "Pazienteekin euskaraz egiten dugu, baina, gero, erdaraz ia-ia erdia. Zergatik erabiltzen dugu erdara hainbeste? Ba, zaintzaileak elebakarrak direlako".

Era berean, nabarmendu du aldea badagoela lehen mailako arretaren eta ospitale mailako arreta espezializatuaren artean, ez baitaukate Aramaiotik ospitalerako salto horretarako daturik. Konturatu dira lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa hobetu egin beharko litzatekeela, datuek altuagoak izan beharko luketelako. Bestalde, medikuak uste du ospitale mailan eratu beharko liratekeela zirkuituak, arreta espezializatuko euskarazko zirkuituak, arreta bermatzeko eta "ganoraz " neurtzeko.

Historia klinikoak euskaraz

Aitor Montesek historia klinikoa euskaraz idazteagatik jasandako erasoek jakin-mina piztu dute Galesen: "Gertatutakoa kontatu nienean, azpimarratzeko eskatu zidaten, horren beharra zeukatelako, eurak ohituta daudelako osasungintzan ingelesaren erabilerara, eta ez galeserarena". Horri gehitu dio Osakidetzako medikuek dagoeneko badutela euskara hutsean lan egiteko eskubidea: "Zuen historia klinikoko ohar guztiak euskaraz idatzi ditzakegu inolako trabarik gabe. Hori onartu da lehen aldiz 2023an. Nik uste dut eredugarria dela ez Euskal Herrian bakarrik; nazioartean ere eredugarria izan daiteke, eta horrela ikusi dute galestarrek ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak