Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren finalerdia jokatuko dute bihar Igoak, Ugartek eta Amilburuk

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko mar. 1a, 10:19

Xabi Igoa, Aitor Ugarte eta Paula Amilburu

Bihar Dulantziko finalerdian erabakiko da nortzuek jokatuko duten finala Gasteizen; Igoa, Ugarte eta Amilburu aramaioarrek kantatuko dute, Arrizubieta, Otamendi eta Mendigurenekin batera.

Bihar, 17:30ean, Dulantzin jokatuko da bigarren finalaurrekoa, eta han kantatuko dute Xabi Igoa eta Aitor Ugarte anaiekin nahiz Paula Amilbururekin batera Aroa Arrizubietak, Asier Otamendik eta Izar Mendigurenek. Biharko irabazleak ere hilaren 16an Gasteizko Principal Antzokiko finalerako sailkatze zuzena eskuratuko du; finalean izango diren beste laurak izango dira finalerdietan puntuazio altuena lortzen dutenak.

Hiru aramaioarrak "gogotsu" daude biharko egunari begira. Xabi Igoak bera hala egotearen arrazoiak eman ditu: "Txapelketa mimoz ari gara prestatzen bertso-eskolan. Txapelketako saioetan jende asko biltzen ari da eta giro ederra dago saioetan".

Urduri ere badago Ugarte, nahiz eta finalaurrekoetarako sailkatu zenean "lasaitu ederra" hartu zuen: "Finala hor dago, eta, gutxienez, zergatik ez amestu? Saiatuko naiz, behintzat. Lauk badakite zer den Arabako finalean egotea; horrek lasaitu egiten nau".

Final-laurdeneko arantza kendu nahi du, aldiz, Amilburuk: "Zer pasako den zoriak erabakiko du, eta norberaren gorputzaldiak. Lehen saioa ez zitzaidanez hain ondo atera, arantza kentzera noa, egurra ematera. Saio polita izango da".

Bertsokideez berbetan

Ugartek gogoan du anaiarekin oholtza partekatu zuen lehen finalerdia: "Xabi anaia dut, eta gogoan dut nire lehen txapelketan harekin partekatu nuela finalerdia, eta aurten ere hala tokatu da; beste ukitu bat ematen dio saioari".

Igoarentzat ere "berezia" da anaiarekin kantatzea finalerdi batean; baita Amilbururekin ere. Finalerdi "oso" bat izatea gustatuko litzaioke, iruditzen zaio bertsokide "aproposak" daudela horretarako.

Azkenik, Amilburuk ere egin du analisia: Bi aramaioarrak oso fin dabiltza; Arrizubieta ere bai. Otamendik ez du hutsik egiten eta Mendiguren elementu dibertigarria izan daiteke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak