Errefus kopurua murrizteko modua lantzen dabiltza Aramaion

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko ots. 16a, 11:11

Aramaioko Iturrizuri kaleko edukiontziak. (Argazkia: I.A.A.).

Gorbeialdeko Kuadrillak berak dauka kuadrilletako zabor kudeaketaren ardura, eta errefusa murrizteko estrategia ari da lantzen; gakoa herriko konpostajean dagoela dio Gorbeialdeko Ingurumen teknikariak, eta ideia hori babestu du Aramaioko Udal Gobernuak.

Gorbeialdeko Kuadrilla zaborren kudeaketaren estrategia lantzen ari da herriekin lankidetzan, eta horren aurkezpena egin zuen Gorbeialdeko Ingurumen teknikari Jon Toñak Aramaioko Udal Gobernuaren eta auzo-alkateen aurrean. Helburu nagusia da errefus kopurua murriztea. Araban gaur egun sortzen den hondakinen %63k zabortegian amaitzen dutela azaldu zuen Toñak: "Helburu nagusia eta guri eragiten diguna da 2035ean hondakinen gaikako bilketa %65 izatea; egun, %35 banatzen dugu". Araban 402 kilo zabor sortzen du biztanle bakoitzak urtean. Arabako errefusa Jundizko plantara doa, eta handik %6 bakarrik birziklatzeko bidean jartzea lortzen da.

Azaldu zuen helburuak lortu eta errefusa murrizteko gakoak direla errefus edukiontziaren kontrolik gabeko erabilera saihestea, bilketa maiztasuna murriztea eta organikoaren kudeaketa. "Argi daukagu. Organikoaren bilketa eta tratamendua indartu behar da eskala lokalean, eta hori etxeko nahiz auzo konpostajearen bidez egin beharko dela uste dugu", azpimarratu zuen Jon Toñak. Organikoaren kudeaketaz herri bakoitza arduratuko da eta Aramaioko Udal Gobernuak adierazi du euren apustua dela herrian sortutako organikoa herrian bertan geratzea, konposta egiteko guneak
jarriz: "Non jarri eta nola egin oraindik ez dugu erabaki, baina asmoa hori da; pentsatu egin behar dugu nola kudeatu".

Eskumen aldaketa

Duela gutxira arte, Kuadrilla mailan partzuergo bat osatuta zegoen hondakinen kudeaketarako, baina bertako kide ofizialak ziren udalerrietako ordezkariek erakundea desegiteko erabaki politikoa hartu zuten. Aramaio ez zen partzuergoko kide, baina elkartearen zabor bilketaren zerbitzua erabiltzen zuen, urte amaieran likidazioa ordainduta.

Ingurumen teknikariak azaldu zuenez, hondakin kudeaketaren eskumena Kuadrillara igaro da eta ardura izango du hondakinen kudeaketarako. Era berean, Aramaioko Udalak eskumen osoa izango du: "Kuadrilla mailan ari gara gaia lantzen, estrategia definitzeko momentuan gaude eta ikusten dugu elkarrekin heldu beharreko erronka potoloak ditugula aurretik".

Puntu berde mugikorren datak

Hileko hirugarren martitzenean egoten da puntu berde mugikorra Ibarran. Hilabete honetan, otsailaren 20an 11:00etatik 13:00era bitartean izango da. Halaber, otsailaren 21ean Gantzaga (11:00-12:00), Etxaguen (12:00-13:00), Arexola (13:00-14:00) eta Oletatik (14:00-16:00) pasako da; hilaren 22an, berriz, Untzilla (11:00-12:00), Barajuen (12:00-13:00), Azkoaga (13:00-15:00) eta Uribarritik (15:00-16:00).

Puntu berdeak etxeko hondakin bereziak jasotzen ditu; besteak beste, produktu hauek: motorretako eta etxeko olioa, bonbillak, fluoreszenteak, garbiketarako produktuak, erradiografiak, aerosolak, pinturak eta disolbatzaileak, belar-hiltzaileak eta intsektizidak, mugikorrak, tinta-kartutxoak, zuntzak eta pilak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak