Gaur emango zaie hasiera Aratusteei, Lagun Artean dantza taldeak herriko trikitilari eta txistulari taldearekin elkarlanean antolatutako kalejirarekin. 19:00etan abiatuko dira, plazatik, eta herrian zehar Euskal Herriko Inauterietako dantzak egingo dituzte ikasturte honetan osatu diren zazpi taldeek, hala nola txantxoak, Altsasuko momotxorroen dantza, Zuberoako maskaradetako godalet dantza eta Lantzeko zortzikoa.
Oihane Vicente dantza irakasleak aurreratu du inoiz dantzatu ez duten dantzaren bat edo beste egingo dutela. Hori guztia, "arropa koloretsua" jantzita, Inauteri giroan murgiltzeko. Gaurkoaz gain, Martxoaren 8aren bueltan ere kalera irtengo direLa adierazi du Vicentek.
Trikiti kontzerturik ez
Azken urteetan trikiti jaialdiarekin hasi izan dira Inauteriak Aramaion, baina aurten ez dute egingo. Horren ordez, kalera aterako dira 30 trikitilari inguru dantzariekin batera. Aritz Alustiza trikiti irakaslearen esanetan, ekitaldia beste taldeekin elkarlanean egin eta kalera ateratzea erabaki dute. Hala ere, ez du baztertzen hurrengo urteetara begira kontzertua egitea.
Zapatuan ere festa
Bihar, berriz, arratsalde parterako antolatu dute festa; baina eguraldiak baldintzatuko du egitaraua. Eguraldi onarekin 17:30ean, kalejira egingo dute, frontoitik hasita, eta herriko plazan amaituko da. Ondoren, ohiko mozorro lehiaketa egingo dute han eta, behin sariak emanda, txokolate-jana egingo dute. Azkenik, disko festarekin borobilduko dute eguna. Eguraldi txarra egiten badu, ordea, kalejira bertan behera geldituko da eta 18:00etan mozorro lehiaketa egingo dute frontoian. Azaldu dute erabakia gaur, ostirala, hartuko dutela eta Udalaren komunikazio kanaletatik jakinaraziko dietela herritarrei.
Mozorro lehiaketa
Aratusteetako hitzordu nagusietako bat da mozorro lehiaketa eta gaur arte izena emateko aukera egon bada ere, egunean bertan ere eman ahal izango da. Hori horrela izanik, Aramaioko Udalak herritarrak mozorrotu eta parte hartzera animatu ditu. Gutxienez lau pertsonako taldeetan edota banaka har daiteke parte eta gaia librea da.
Mozorro onenak eta sormenak sariak izango dituzte. Haurren nahiz 14 urtetik gorakoen kategoriatan banatu dituzte taldekako sariak eta bi kasuetan, lehen sarituak 150 euro jasoko ditu; bigarrenak, 90 euro. Bestalde, originaltasuna 90 eurorekin sarituko dute; horretan, ordea, sari bakarra egongo da eta banakakoa edo taldekakoa izango da.
Martitzenean eskolaren txanda
San Martin eskolan martitzenean ospatuko dituzte Aratusteak, desfilearekin eta ikuskizunarekin. Urteroko ohiturari jarraituz, 14:30 inguruan, kalejira egingo dute eskolatik plazara HH-2tik LH-6ra bitarteko 90 ikaslek, gutxi gorabehera. Eskolak ez duaurreratu aurtengoan aukeratu duten gaia. "Egunean bertan jakingo da", azaldu dute. Aukeratutako gaiaren bueltan jantziko dira eskolako ikasleak eta plazan egingo duten ikuskizunak ere horixe izango du ardatz. Ekitaldia amaitzeko, txokolate beroa eta bizkotxoa dastatzeko aukera izango dute ikasleek, eskolako aterpean.
Aratusteekin amaitzeko, arratsaldeko bostetatik aurrera, Ludotekan egingo dituzten maskara eta karioken tailerretan parte hartzeko aukera izango dute herriko txikiek. Bost urte- tik beherako haurrek heldu batekin joan behar dute.