Gazteen presentzia handia duen Arabako Txapelketa, hasteko gertu

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko urt. 26a, 11:07

Domekan abiatuko dute Arabako Bertsolari Txapelketa, Izarran; hemezortzi bertsolari izango dira txapel berriaren bila lehian; horien artean, Aramaioko Bertso Eskolako zazpi kide; 'Bertsosarrerak.eus' atarian eros daiteke saio guztietarako sarrerak.

Aramaioko Bertso Eskolako kide Aitor Ugarte, Danel Herrarte, Paula Amilburu, Peru Abarrategi, Mattin Abarrategi, Xabi Igoa eta Manex Agirre "gogotsu" daude "oso gustuko" duten txapelketako oholtzaren gainera igotzeko. 40 urte beteko dira aurten lehen txapelketa jokatu zenetik. Aurtengoa, 26. aldia da. Final laurdeneko hiru saio izango dira guztira; Izarran egingo dute lehenengoa, eta Oionen eta Laudion hurrenez-hurren beste biak; ondoren, Aramaion eta Dulantzin izango dira finalerdiak hurrenez-hurren, eta martxoaren 16an jokatuko dute finala Gasteizko Printzipal antzokian.

Arabako Bertsolari Txapelketan parte hartuko duten bertsolariak.

Martin Abarrategi: "Emozio eta ezusteko handiko txapelketa izatea aurreikusten dut"

Irailean hasi ziren txapelketara begira prestaketa lanetan Aramaioko Bertso Eskolan, harrezkero astero batu dira, elkarrekin ariketak egin, bestelako arlo gehiago lantzeko eta elkarri babesa emateko. "Final laurdenean ditugun ariketak egin ditugu behin eta berriz, elkarri gaiak ipinita eta elkarri hobetzeko aholkuak emanda. Talde moduan funtzionatzen saiatzen gara eta uste dut hori dela arrakastaren bidea", dio Peru Abarrategik, eta zera gaineratu du Manex Agirrek: "Gure eskola ez da oso ortodoxoa beste batzuekin alderatuz, bada, txapelketarako prestaketa lanak ez dira entrenamendu teknikoak izaten soilik, elkarrekin egoteko eta kezkak partekatzeko uneak ere bai".

Peru Abarrategi: "Talde moduan funtzionatzea da arrakastaren bidea".

Domekan, lau aramaioar

Aramaioko zazpikoteak etxeko lanak "ondo egin dituenaren sentsazioarekin" helduko diote txapelketari. Sei bertsolari izango dira domekan, Izarrako kultura etxeko oholtzaren gainean: Ekaitz Samaniego eta Eli Zalduarekin batera, Aramaioko Peru Abarrategi, Aitor Ugarte, Paula Amilburu eta Danel Herrarte. "Beti gustatu izan zaidan txapelketa da Arabakoa, eta momentuz ez dago positiboa ez izateko motiborik. Bertsotan egiteko plaza politak izango direla uste dut, eta horretan saiatuko gara, ahalik eta gehien gozatzen eta ahalik eta gutxien sufritzen. 2022ko txapela irabazi izana ez dut presio moduan hartu gura, nahiz eta erosoago sentitzen naizen fokuan baino, tapatuago dagoen postuan" dio Peru Abarrategik.

Danel Herrarte: "Kanporaketetan bizi izan nituen sentsazio antzerakoak ditut"

Urduri dagoela dio Danel Herrartek: "Gabonak eta azterketak direla, bertso eskola batzuk egiteko gogoz harrapatu nau txapelketak, baina, aldi berean, oso gogotsu nago. Ditudan sentsazioak ez dira txarrak, kanporaketetan izan nuen sentsazio antzerakoa dut; beraz, domekan nerbioei aurre egin ahal izatea espero dut". Gogotsu dagoela dio alboan izango duen Aitor Ugartek ere: "Eskolako lau kide oholtzaren gainean egoteak babesa sentiarazten dit. Hiru final laurdenetik domekakoa izango da saio gazteena, eta horrek ere bere jokoa eman dezakeala uste dut". Paula Amilburuk ere aitortu du adrenalina puntua baduela, baina "ondo prestatuta" ikusten du bere burua.

Paula Amilburu: "Arabako bertso maila igotzen ari den erakusle da aurtengoa"

Oionen eta Laudion

Otsailaren 4an Oiongo zinema-aretoan jokatuko dute bigarren final laurdena, eta han izango dira Manex Agirre eta Xabi Igoa. "Beste urte batzuetan baino presentzia gutxiago dauka nigan txapelketak; hala ere, gogoz nago eta asko pozten nau eta gogoa areagotzen zait, bertso eskolako gazteen jarrera eta gogoa ikusita", dio Igoak, eta zera gaineratu du Agirrek: "Ilusio handia egiten dit Xabi Igoarekin batera oholtzaren gainean izateak, eta iruditzen zait ondo joango zaiola aurtengo txapelketa. Bestalde, Rikardo Gonzalez de Durana beteranoa izango dugu alboan, aspaldiko lagun Orlando Arreitunandia ere bai, eta baita aurrekoan egon ez zen Aroa Arrizubieta, nire ustez, finalerako hautagaietako bat dena, eta seikotea borobilduko du Maddi Agirrek, txapelketako gazteena denak, baina plaza asko eginda oso indartsu datorrenak".

Asier Otamendi, Felipe Zelaieta, Izar Mendiguren, Iñaki Viñaspre, Unai Anda eta Aramaioko ordezkari Martin Abarrategi izango dira hirugarren kanporaketan, Laudioko Kasinoan lehian: "Aste batzuk falta dira nire txanda heltzeko, baina ilusioz eta dena emateko gogotsu nago ni ere".

Xabi Igoa: "Gazte gogotsu asko dago; bertso saio ederrak izango da"

"Ezustekoz betetakoa"

Finalerako zerrenda aurreikustea zaila dela diote Aramaioko parte hartzaileek. "Orekatuta ikusten dut txapelketa; maila handiko bertsolariekin osatutako zerrenda da. Saiatuko gara bakoitzak ahal duen onena ematen", dio Peru Abarrategik, eta zera gaineratu du Martin anaiak: "Zelako txapelketa aterako den aurreikustea zaila da, eta horrek emozio puntua eta erakargarritasuna emango dio". Txapelketa "gogorra" izango dela aurreikusten du Manex Agirrek: "Gogorrak esan gura du interesantea. Hamazortzi lehiakideren artean denetarikoak gaude, beteranoak eta plazetan horrenbesteko esperientziarik ez daukatenak. Txapelketa potentea izango da; aurrekoak baino potenteagoa, nire ustez". Gaur egun Araban dagoen bertso-maila goraka doan adierazle dela gaineratu du Paula Amilburuk. Danel Herrartek, berriz, "berritasunez betetakoa" izango dela dio: "Txapelketa dotorea aterako da, eta ezustekoz betetako finala aurreikusten dut nik ere. Aramaioko kideak presente izango garela uste dut, baina sorpresa ematera datoz beste batzuk; beraz, guk gurea egin beharko dugu".

Aitor Ugarte: "Oso heterogeneoa izango da; bertsolari oso ezberdinak gaude"

Gazteen presentzia azpimarratu dute, Aitor Ugartek eta Xabi Igoak, hurrez hurren. "Bertsolari gazte eta indartsuak daude aurtengo zerrendan. Nik bizi izan dudan txapelketa guztietatik maila altuena duena dela esango nuke, eta asko pozten nau horrek, Arabarendako seinale ona da eta. Txapelketa oso heterogeneoa dela ikusten dut, hau da, perfil ezberdineko jendea dago eta bertso eta diskurtso ezberdinak entzun ahal izango direlakoan nago", dio Ugartek, eta zera gaineratu du Igoak: "Txapelketa polita izango da, gazte gogotsu asko dago eta saio ederrak izango direla uste dut".

Peru Abarrategi txapelarekin 2022ko Arabako bertsolari txapelketako finalean.

Aramaioko eskola, "indartsu"

Nabarmentzeko datua da hamazortzi lehiakideetatik zazpi Aramaiokoak direla; urte askoan egindako lanaren seinale. "Oso adierazgarria da kopurua, baina, hori ahaztu barik, gure eskolako taldearen trinkotasuna azpimarratuko nuke. Harreman oso estua dugu, talde heterogeneoa gara estiloa eta adina aintzat hartuta, baina oso talde gara", dio Manex Agirrek, eta zera gaineratu du Peru Abarrategik: "Arabako beste toki askotan bertsolariek zailagoa dute elkarrekin entrenatzeko; gu, alde horretatik, pribilegiatuak gara. Ederra litzateke Aramaion bertsolaritzaren jarraipen hori ziurtatzea, eta horretan dihardugu lanean".

Manex Agirre: "Gogorra besteko interesgarria izango da hastear dagoen txapelketa"

Gai-jartzaileak eta epaileak

Bertsolariez gain, txapelketako beste alor batzuetan ere badira Debagoienekoak: beste urte batzuetan moduan, gai-jartzaile lanetan jardungo du Lierni Altuna aramaioarrak; eta bertsolarien lana epaitzeko bete-beharra izango dute Iker Elexpuru herrikideak eta Aretxabaletako Mikel Arroiabek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak