Asier Agirre: "Itsaraz parkea ez dago herriko beharrekin lotuta"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko urt. 26a, 09:37

Aramaioko alkate Asier Agirre, martitzenean, herriko plazan. (Argazkia: I.A.A.).

Kargua hartu eta hilabetera egon da GOIENA Aramaioko alkate Asier Agirrerekin, kargu-hartzeaz eta agintaldi honetako erronkei buruz hitz egiteko.

Iban Herrartek alkate izateari utzi ostean, abenduaren 21eko ezohiko osoko bilkuran hartu zuen kargua Asier Agirrek. Hark badaki zer den Aramaioko alkate izatea; izan ere, 2007-2011ko agintaldian ere izan zen.

13 urte geroago, nola aurkitu duzu Aramaioko Udala?

Administrazioan funtzionatzeko modua aldatu egin da dezente, konplikatu egin da. Horrek dakarrena da gertutasun administratiboa herritarrengandik zailtzea, baina zerbait orokorra da. Pertsonala eta Udalean dabilen jendea aldatu egin da. Sartu garen berriok harreman ona daukagu gure artean eta talde sendoa sartu gara Gobernura.

Politikatik kanpo zenbait urte egon ostean, berriro itzuli zara; zergatik?

2007tik 2011rako agintaldia oso gogorra izan zen. Ordura arte, hemen EAJren kudeaketa egon zen eta lan asko egin behar izan genuen. Parean tokatu ziren AHTaren obrak, kontsulta, epaiketak… Horrek desgaste fisiko eta psikologiko bat markatzen du, eta politikatik aldendu nintzen. 2011n berriz aurkezteko aukerarik ez nuen izan, debekua medio. Beste ekimen sozial pilatan ibili naiz. Herrian jendea behar da udalgintzarako, eta Statkraften proiektua agertu zenean... Oso sentsibilizatuta eta arduratuta nago herriarekin eta ingurumenarekin. Ingurumen zinegotzi horregatik sartu nintzen.

Statkraften proiektua aipatu duzu; ze egoeratan dago proiektua?

Aurkeztu du proiektua, herrian azaldu dute zer egin nahi duten, eta gure ardura da herriak zer egingo duen. Saiatu gara herriari markoa ematen hitza izan eta ekarpenak egin ditzan. Orain, pauso bat harago joango gara sinadurak bilduta, eta, horren aurrean, gure herri postura bateratua izango dugu. Aramaio Bizirik-ekin eta herriko eragileekin batera joango gara nora- bide berean. Zer gertatzen den Statkraften proiektuarekin? Ez dagoela gure herriko beharrekin lotuta. Herrian ezer gutxi utziko digun beste burukomin bat gehiago izango da. Zer gertatuko den ikusiko dugu, baina guk gure postura zein den garbi daukagu.

Azaroan Ez gaude ados adierazpena onartu zuen udalbatzak eta abenduan egin duzue sinadura bilketa; zer erantzun jaso duzue?

Oso polita. Herritarren 600 sinaduratik gora jaso dira eta jende askok marko horren beharra adierazi digu. Azkenean, nonbaiten euren sentimendua adierazteko marko bat behar zuten. Hori sinatu duenak dio ez dagoela ados halako proiektu bat gure herrian jartzearekin. Larriena da energia berriztagarriak sortzen direla, baina erregai fosilek sortzen duten kutsadurak berdin jarraitzen du.

Komertzio txikia, osasun-zerbitzua, biztanleria... Ze proposatzen duzue Aramaio Bizirik egoten jarraitzeko?

Herri batek herri izaera izateko herri bizitza eduki behar du. Medikua eta erizaina, adibidez, urte osoan egoten ziren lehen. Bi banketxe astelehenetik egubakoitzera zabalik, tabernak, farmazia, hiru denda... Hori guztia jaisten joan da. Gure nahia izango litzateke herri komunitate batekin zerbitzu horiek berreskuratzea eta lantzen joatea. Bestalde, kanpotik datozen zerbitzuak eman behar dizkigute. Hori da osasun-zerbitzuaren adibidea. Gero eta txarragoa da egoera. Medikua bajan egon den bitartean pairatu dugun egoera lotsagarriaren hurrengoa izan da. Borrokan ibiltzea herri txiki batean osasun-zerbitzua izateko lotsagarria da.

Esku artean beste zein gai duzue?

Mila proiektu eta mila lan, eta behar duguna da herriko jendea gurekin gauzak egiteko. Azkenean, hemen sartu garen sei pertsonon artean ezin dugu dena egin; herritarrak behar ditugu gurekin batera gauzak egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak