Zazpi aramaioar ariko dira 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketan

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko urt. 14a, 13:22

Baranbioko Garrastatxu Txokoan egin dute aurkezpena, gaur.

Gaur aurkeztu dute urtarrilaren 28an hasi eta martxoaren 16an bukatuko den txapelketa. Hemezortzi bertsolari ariko dira lehian eta horietatik zazpi aramaioarrak izango dira.

Xabi Igoa, Manex Agirre, Paula Amilburu, Aitor Ugarte, Danel Herrarte, Martin Abarrategi eta Peru Abarrategi izango dira Aramaioko ordezkariak 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketan. Azken hori da, hain zuzen egungo txapelduna, 2022an irabazi ostean.

Baranbioko Garrastatxu Txokoan aurkeztu dute txapelketa eta, Arabako Bertsozale Elkarteak adierazi duenez, urtarrilaren 28an hasi eta martxoaren 16an bukatuko da. Egun horretan, Gasteizko Printzipal Antzokian egingo dute final handia. Aurrez, final-laurdenak Izarran, Oionen eta Laudion jokatuko dituzte eta, finalerdiak, Aramaion eta Dulantzin.

Parte-hartzaileei dagokienez, hemezortzi bertsolari ariko dira lehian, 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketaren finalean kantatu eta izena eman duten bost finalistak eta 2023ko udazkeneko kanporaketetan puntuazioaren arabera sailkatutako lehenengo hamahiruak. Hala, hemezortzi arituko dira final-laurdenetan, hamabi finalerdietan eta sei, finalean. Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean.

Txapelketan Arabako bederatzi epaile arituko dira. Halaber, hamahiru gai-jartzailek taldean gaiak sortuko dituzte eta haietako sei izango dira saioak eta finala aurkeztuko dutenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak