Itsaraz parke eolikoaren eraginak aurkeztu dituzte adituek

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko abe. 15a, 08:00

Eguazteneko batzarrean, Valentin Ibarra berbetan.

Ingeotyc ingeniaritza aholkularitza enpresako Valentin Ibarra geologoak eta Javier Aldai ingeniariak Itsaraz parke eolikoak Aramaioko herrian eta lurretan eragingo lituzkeen kalteak azaldu zituzten.

Hain zuzen, ingeniaritza aholkularitza enpresa hori izan da Udalari alegazioak prestatu dizkion taldea. Nabarmendu zuten zaratak eragina izango duela herritarrengan; batez ere, sentsibilitate handia dutenengan. "Aurreikusitako dorreak ia 200 metro luze dira", zioten. Zarataz gain, sortuko dituzten itzalak nabarmendu zituzten.

Kultura etxeko aretora herritar asko joan ziren Ingeotyc ingeniaritza aholkularitza enpresako adituen aurkezpena entzutera. Azaldu zuten Europa mailan energia berriztagarrien aldeko politikak ari direla garatzen, "batez ere lurraren berotzearen eta independentzia energetikoaren izenean". Horren aurrean, nabarmendu zuten egingo diren ahaleginek ez dutela arazoa konponduko, eta egiten dena "kapitalismo berdea" dela, negozioa, azken finean.

Ingurumen-inpaktua

"Parkea errentagarria izateko, haizearen abiadurak 6,22 metro segundokoa izan beharko luke; Aramaioren kasuan, Statkraft-ek ez du neurketarik egin", azaldu zuten.

Proiektuan jasota dauden dorreak 105 + 86 metrokoak dira; Elgeako dorreak, esaterako, 85 metrokoak dira. "Nire ustez, ez du merezi ingurumena suntsitzea, herritarrak molestatzea... hasiera batean Udalarendako diru-sarrera bat izango litzateke, baina etorkizunera begira hondamendia da", zioen Ibarrak.

Proiektuari jarritako alegazio guztiek kontrako erantzuna izan dutela gehitu zuten. Gaur-gaurkoz, "proiektua geratzeko itxaropen bakarrenetakoa" Espainiako Estatuak ingurumen-inpaktuaren txostenari ezezkoa ematea dela esan zuten. Bada, Espainiako Gobernuak erabakia hilabete pare bat barru adieraziko duela esan zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak