'Ez gaude ados' adierazpena babesteko sinadura bilketa abiaraziko du Udalak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko abe. 4a, 08:00

Aramaioko Udalbatzak Ez gaude ados adierazpena onartu zuen eguazteneko osoko bilkuran; Itsaraz parke eolikoaren proiektuarekiko kezka eta desadostasuna jasotzen du mozioak. Herritarrek adierazpena babesteko aukera izango dute sinadurarekin.

Eguaztenean egindako osoko bilkuran Ez gaude ados adierazpena onartu zuten, EH Bilduren aldeko bost botoekin, eta EAJren abstentzioarekin. Aipatutako adierazpena jendaurrean jarriko dute orain, eta herritarrei eskatuko diete adierazpena babestea sinadura bidez. Sinadura bilketa abenduko barikutan egingo dute, bai Ibarran eta baita auzoetan ere. "Aramaioko Udal Gobernua osatzen dugun kideak kezkatuta gaude Itsaraz parke eolikoak herrian izango duen eraginaz, eta, hori dela eta, proiektuak aurrera egitearen inguruko desadostasuna erakutsi nahi dugu udal mozio honen bidez", azaldu zuen Amaia Pavon zinegotziak.

Gaineratu zuen proiektuaren prozesuan egon diren argi-ilunek mesfidantza eragin dutela herritarren artean: "Kezka handia dago Aramaion; horrela baieztatzen du Aramaioko herritarren iritzia jasotzeko Aztikerrek gidatu duen prozesuak. Udal Gobernuak aintzat hartu nahi izan du prozesuko emaitza, parkearen aurrean posizionatzeko".

Alegazioak

Gobernuaren ordezkaritzan jarri dituzten alegazioak ondorengo puntuetan laburtzen dira: atzera bueltarik ez duten ingurumen kalteak; Aramaioko herritarren osasunean eragina; kokapenari buruzko alegazioak zehazki beste lurralde plangintzekin dituen kontraesanak; udal hirigintzan bateraezintasuna; eta, azkenik, paisaiaren suntsipena. Udal Gobernuaren asmoa da eguaztenean onartutako adierazpenarekin amaitzea Aztikerrekin egindako prozesua: "Eta erabateko amaiera etorriko litzateke sinadura bilketa batekin". Ikerketa prozesuan herritar kopuru handiak parte hartu duela azaldu dute, eta hori borobildu nahi dutela herritarrek euren izen-abizenekin eta euren parte-hartzearekin babestuz mozio testua.

EAJren erantzuna

EAJko hiru zinegotziak abstenitu egin ziren adierazpenaren bozketan. "Gardentasun falta dagoela esan dugu; izan ere, aurreko astean batzarra zegoela herritarren partetik jakin genuen", dio Alberto Amenabar EAJko zinegotziak. Gainera, EAJk beste mozio bat aurkeztu zuen: "Guk ezer jakin barik, eguenean, Statkraft etorri zen Aramaiora, eta kasualitatez jakin genuen... izan nuen aukera han egoteko eta eurek emandako informazioa jaso nuen; oso interesgarria. Horregatik, gure mozioaren bitartez eskatu dugu bilera bat egitea Statkraftekin eta herritarrekin euren aldetik azaltzeko zein egoeratan dagoen proiektua". EAJren mozioa ez zen onartu.

Statkraftekin batzarra

Eguenean, azaroaren 21ean, Statkraftek eta Krean-ek eskatuta batzarra egin zuten udaletxean. "Proiektua ze puntutan dagoen aurkeztu zuten, eta Udalak jarritako alegazioen aurkako erantzunak eman", azaldu zuen Asier Agirre zinegotziak. Udalbatza osatzen duten bi alderdiak eta Aramaio Bizirik taldekoak izan ziren batzarrean. "Egin nahi duten hurrengo pausoa izango da proiektua sozializatzea, baina hori Kreanen esku egongo da". Eguazteneko osoko bilkurak ikusmina sortu zuen herritarren artean; horren adierazle da bilkuren aretora joan zirela dozena bat herritar.

Udalak Aztikerrekin egin duen prozesua amaierara iritsi da. Martxoan hasi zuten prozesua; ondoren, udara arte elkarrizketa bidez iritziak batu zituzten; ekainean herritarrekin talde hausnarketak egin zituzten, eta azaroaren 20an aurkeztu zituzten ondorioak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak