Micaela Portilla, Untzillara bueltan

Txomin Madina Milikua 2023ko aza. 5a, 16:00

Untzillako San Pedro eliza jendez bete zen atzo arratsaldean bertako irakasle izan zenari buruzko Micaela Portilla: elizak, dorreak eta bideak dokumentala ikusteko. Portillaren iloba izateaz gain ikus-entzunezkoaren zuzendari eta gidoilari Jon Ibarrondo ere izan zen bertan.

Antropologo eta historialari entzutetsua izan aurretik, gaztaroan irakasle lanetan ibili zen 1922an jaio eta 1905ean hil zen Micaela Portilla gasteiztarra. Maistra moduan Aramaioko Untzilla auzoa izan zuen bere geltokietako bat, bertako irakasle izan zelako urtebete inguruan. Eta hain zuzen ere, Untzillan bertan eman zuten atzo atzo Portillaren jaiotzaren mendeurrenaren harira iaz egin zuten Micaela Portilla: elizak, dorreak eta bidea dokumentala. Gasteiztarraren iloba Jon Ibarrondo da ikus-entzunezkoaren zuzendaria eta gidoigilea, eta Aramaion izan zen atzo bera ere.

"Dokumentalaren  zati bat bertan grabatu zen, eta auzoarekin harreman estua zuenez, dokumentala Untzilla bertan erakusteko zorretan geundela esan daiteke", azaldu zuen Amaia Pavon zinegotziak emanaldiaren bueltan, eta izandako erantzun onak ezustean harrapatu zituela gaineratu: "Sorpresa handia hartu dugu enok eliza jendez beteta ikustean. Horrek esan gura du bere memoriak presente jarraitzen duela herrian".

Juan Ibarrondo, atzo, Untzillan.

"Micaela Portillarentzat leku berezia izan zen Untzilla: harreman oso ona izan zuen bertakoekin, eta euskara ere bertan ezagutu zuen”, dio Juan Ibarrondok bere izebaren eta auzoaren arteko harremanaz, eta dokumentalaren grabazioarekin sentipen bera izan zutela nabarmendu: "Ikus-entzunezkoaren zati garrantzitsua da Aramaion grabatutakoa, eta auzotarrak oso jatorrak izan ziren gurekin. Guretzat ere toki berezia bihurtu da". Dokumentalaren helburua Portillaren bizitza eta lana jendearengana hurbiltzea izan dela dio Ibarrondok, igarri duela, berarentzat bezala, arabarrentzat ere pertsona garrantzitsua zela: "Erreferente bat da, bai zientzia aldetik, baita pertsona moduan ere. Asko maite zuten  hori ikusi ahal izan dugu Araban dokumentala erakutsi izan dugunean".

Bizi, Arragena baserrian

Untzillako Arragena baserriko Iñaki Beitia agertzen da dokumentalean, izan ere Aramaion egon zen urtean, bere baserrian bizi izan zen Micaela Portilla. Beitiak berak ez zuen ezagutu, baina bai bere aitak: "Neska ausarta zela esaten zuen, eta euskara ere bertan ezagutu zuen. Etxeko bat gehiago balitz moduan bizi zen bertan; gauetan artoa zuritzen-eta ere ibiltzen zen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak