Afrika gertuagotik ezagutzeko aukera izango dute aramaioarrek

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko aza. 2a, 20:00

Hitzaldi bateko irudia.

Afrika hobeto ezagutzeko aukera egongo da datorren astean Aramaion egingo diren ekitaldien bitartez. Afrika Miniaturan kultur elkarteak antolatuta, hiru egunetan ekitaldiak egingo dituzte.

Azaroaren 6an, astelehena, hitzaldia eta elkarrizketa saioa egingo dute kultura etxean, 17:30ean. "Emakumearen papera Afrikan zein den azalduko du elkarteko kide batek; eta Ugandan haurrak zelan bizi diren ere azalduko du", dio Afrika Miniaturan elkarteko Christian Mongok. Ghanan egin duten proiektu baten berri emango dute: emakumeak autonomoago izateko sortu duten proiektua zertan datzan azalduko dute, eta horrek eragin duen gizarte transformazioa.

Haurrendako jolasak

Azaroaren 7an, martitzena, gaztetxoenei zuzendutako saioa egingo dute ludotekan. Afrikar jatorria duten baina Araban bizi diren bi haurrek dinamizatuko dute ekimena, euskaraz: "Afrikako jokoak azalduko dituzte, eta, halaber, erakutsiko dute Afrikako haurrek zerekin egiten duten jolas. Izan ere, han ez dituzte jostailuak, eta naturako elementuekin sortzen dituzte jostailuak". Modu horretan, gainera, munduko beste txoko batzuetako haurrek ondo zelan pasatzen duten ikusiko dute Aramaioko neska-mutikoek.

Migratzaileen egunerokoa

Azaroaren 9an, 17:30ean, kultura etxean, Etorkinen testigantza Arabako integrazioari buruz berbaldia egingo dute. "Araban bizi diren migratzaileen egunerokoa ezagutzeko aukera izango dute kultura etxera etorriko direnek", dio. Hain zuzen ere, hori da jardunaldion helburua. Afrikako kontinenteari buruzko ezagutza, sentsibilizazioa eta sustapena egitea Euskal Herrian, eta bi herrialdeak batzen dituzten lotura unibertsalak ehuntzea.

Afrikarekiko maitasuna

Afrika Miniaturan elkartea orain dela 5 urte sortu zuten. Elkartean parte hartzen dute migratzaileek eta baita Afrikarekiko maitasuna duten hainbat pertsonak ere. Ekimen kulturalak egiten dituzte, baita gizarte eta kirol arloko ekintzak ere, eta kooperazioko ekimenetan ere sartuta daude. Hitzaldiak, ikus-entzunezkoen hedapena, eta Afrikako kulturako arte erakusketak ere egiten dituzte. Gasteizen kokatuta dago elkartea, eta egunerokoan 15 lagun dabiltza lanean; beste zortzi lagun laguntzen aritzen dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak