Disko berriko abestiekin "oso motibatuta" dago The Clayton

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko ira. 25a, 07:45

The Clayton taldea Zestoako Gaztain estudioan, Idoia Tapiarekin (Skabidean) eta Eñaut Gaztañagarekin (Gaztain estudioak). Argazkia: The Clayton.

Danbaka musika lehiaketa irabazi zuen Aramaioko The Clayton taldeak labera bidaltzear dauka disko berria, azaroan aurkeztea nahi dutena. Zortzi abesti izango ditu, sei euskaraz eta bi ingelesez; rock-and-rolla du oinarri, baina barietate handiagoa izango du lan berriak.

Danbaka musika lehiaketa irabazi zuen Aramaioko The Clayton taldeak labera bidaltzear dauka disko berria. Irailaren 4an sartu ziren Zestoako Gaztain estudioan eta hamar egunetan grabatu, nahastu eta masterizatu dituzte disko berriko zortzi abestiak; Danbakako sari nagusia %100ean erabiliko dute estudioko lanak ordaintzeko. "Gaur [astelehena] jaso dugu lehen masterra eta, behin betiko emaitza ez bada ere, flipatu egin dugu. Oso motibatuta gaude material berriarekin", dio taldeko abeslari Jokin Larrañagak.

Euskarak presentzia handiagoa

Disko berriko abesti guztiak urtebetean egin dituzte aramaioarrek, eta aipatzekoa da, besteak beste, lehen diskoarekin alderatuta euskarak presentzia handiagoa izango duela; zortzi abestietatik sei euskaraz dira, eta bi ingelesez. Izenburuaz galdetuta, honako hau dio Larrañagak: "Diskoaren izenari dagokionez, oraingoz aukera gehien dituen proposamena Over the red light da [Argi gorriaren gainean]. Gizarte mailan argi gorriek hainbat esanahi dituzte: arriskua, debekua, abisua, zerbait gaizki egin izana... Disko berriko abestien gaiek badute loturaren bat argi gorriek adierazi nahi dutenarekin, eta horregatik izen aproposa iruditzen zaigu. Hala ere, ez dago guztiz erabakita". Kolaborazioei dagokienez, Skabidean taldeko Idoia Tapiak ahotsa sartu du disko berriko baladan; izan ere, barietate handiagoa du lan berriak, eta baditu abesti lasaiak ere.

Diskoaren grabaketa une bat. Argazkia: The Clayton.

Bideoklipak bi abestirekin

Baina noiz entzun ahalko dira claytondarren abesti berriak? Badute gutxi gorabeherako egutegi bat: "Irailaren 30ean eta urriaren 1ean bideoklip bat grabatuko dugu, Pletina Films zigilupean, eta bi astetara argitaratzea espero dugu. Gero, urriaren 21eko asteburuan, beste bideoklip bat grabatuko dugu; oraindik ez dugu zehaztu norekin grabatu. Hortik bi astetara-edo argitaratuko genuke ikus-entzunezko hori ere. Zuzeneko aurkezpen ofiziala ez dakigu izango den, baina azaroaren 11n kontzertu bat bai emango dugula Arrasateko gaztetxean. Abenduan Bermeoko Kafe Antzokian ere jotzekoak gara; Oñatiko Letagin disko berria grabatzen ari da, eta eurekin ere joko dugu. Hori da aurreratu dezakeguna".

Diskoaren grabaketa une bat. Argazkia: The Clayton.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak