Erromeria zaharren giroa gogora ekarriko dute Aramaion Eguzki taldearekin

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko ira. 18a, 17:50

1973ko irailean, Angiozarren. Argazkia: Gardoki familia.

Eguzki erromeria taldeak kontzertua egingo du irailaren 23an, 12:00etan, Barajuengo frontoian. Modu horretan omenaldi xumea egin gura diote urteetan Eguzki taldeko soinujole izan den Nikolas Gardokiri. Garai bateko kantuak joko dituzte.

 

Garai bateko erromeria giroa, garai bateko abestiekin. Horixe izango da Eguzki taldeak datorren zapatuan, irailaren 23an, egingo duen kontzertua. Erromeria zaharren giroa gogora ekarriko dute Barajuengo frontoian; eguraldi txarrarekin Eguzkierripan izango da, Andra Mari ermitaren azpian.

Ordubeteko erromeria izango da eta Eguzki taldeko partaideez gain, beste musikari batzuk ere igoko dira agertokira: Maria Gardoki, Mireia Larrañaga eta Beñat Leanizbarrutia, besteak beste.

20 urterekin hasi zen

Eguzki taldeak ibilbide luzea izan du erromerien munduan. Nikolas Gardoki hasi zen taldearekin 20 bat urte zituela –egun 85 ditu–. "Osaba bakarrik hasi zen eta ondoren sartu ginen nire anaia Felix eta ni neu", azaldu du Jose Gardokik. Felix eta Jose anaiek utzi zutenean Nikolasen seme Jaime hasi zen eta baita Agustin Ugarte oñatiarra ere. Taldearen ibilbidean, Nikolasen seme Jon Gardoki ere taldeko parte izan zen eta baita Jose Luis Landa eskoriatzarra ere.

Aramaio eta inguruko herrietan oso ezaguna izan zen Eguzki taldea. "Batez ere auzo txikietan jo dugu, Arantzazun, Araotzen... Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa guztian zehar ibili ginen. Esan daiteke, Aramaiotik 100 kilometroko erradioan mugitu ginela", dio Jose Gardokik.

Eguzki taldeko kideak, mahaiaren bueltan.

Omenaldia eta esker ona

Zapatuan egingo duten kontzertuarekin osaba Nikolas omendu gura dute, gainera: "Nahi dugu grabatuta utzi Eguzki taldea zer izan den". Joko dituzte lehengo kantu zaharrak. "Herririk herri ibiltzen ginenean %90a euskaraz abesten genuen; nahiz eta gaztelaniazko kantuak izan, euskaratu egiten genituen; pentsa, garai hartan Araban ez zen ia euskaraz egiten, baina guk euskaraz abesten genuen", dio. Nikolas Eguzkierripa auzoko Arane baserrian jaio zen –horregatik du taldeak Eguzki izena–.

Josek dio erromeria giroa asko galdu dela: "Lehen andre-gizonak etortzen ziren dantza egitera, neska-mutikoekin. Egun ez da dantza egiten. Talde handiek jotzen dute gehiago, aldatu egin da giroa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak