Behin sagarrei euren zukua aterata, erabiltzaileak erabakiko du etxera eramatea sagardoa egiteko edo sagar-zukua egitea zentroan bertan.
700 kiloko dolarea
Mendixolako dolarea erabiltzeko, gutxienez 700 sagar kilo izatea gomendatzen dute. Edonork erabil dezake prentsa; izan ASEko bazkide edo ez. Alde bakarra prezioan egongo da – bazkideek merkeago egingo dute zukua–. Hain zuzen, elkartearen nahia bazkide gehiago egitea da. "Gaur egun 20 bat bazkide gara elkartean; ez bakarrik Aramaiokoak, baita Aretxabaletakoak edota Arrasatekoak ere", azaldu du elkarteko kide Etor Goikoetxeak. Aramaioarrak eta inguruko herrietakoak animatu nahi dituzte sagarzaleen elkarteko bazkide egitera.
Zukua egiteko
Behin sagarrak garbitu, dolaretik pasa eta zukua atera ondoren, zuku hori Mendixolako zentroan bertan duten makinetan pasteurizatu daiteke –zukua 80 gradutara eramatea da–. Zukua botiletan sartzeko aukera ere badago Mendixolan bertan.
Dolarea erabiltzearren ordaindu beharrekoa da:
Bazkideek:
- Prentsa: 0,22 euro litroko.
- Pasteurizazioa: 0,23 euro litroko.
- Botila: 0,50 euro.
- Tapa: 0,15 euro.
- Botila bukatuta: 1,10 izango litzateke.
- Apatxa han uztea: 8 euro.
Ez bazkideek:
- Prentsa 0,42 euro litroko.
- Pasteurizazioa 0,43 euro litroko.
- Botila: 0,50 euro.
- Tapa: 0,15 euro.
- Botila bukatuta: 1,50 euro izango litzateke.
- Apatxa han uztea: 8 euro.
Bi langile egongo dira
Hilaren 16an hasiko da kanpaina eta hilabete eta erdi edo bi hilabete iraungo du. "Bi langile kontratatu ditugu kanpainarako", dio ASEko presidente Unai Osorok. 700 kilo sagarrekin 400 bat litro zuku ateratzen dela dio Osorok. Gainera, aukera dago zukuaren zati batekin sagardoa egiteko eta beste zatia zuku moduan uzteko.
Sagar urtea izan da
Sagarrondoak bi urtetik behin ematen du sagarra ganoraz; bada, aurten, sagar urtea da. Iaz, esaterako, Mendixolan bi prentsa besterik ez zuten egin. 2021ean, aldiz, 30.000 litro egin ziren: 10.000 sagardoa eta 20.000 zukua.