Izena emateko epea irailaren 8an amaituko da eta saioak hasiko dira irailaren 11n –izena emateko idatzi berdintasuna@gorbeialdea.eus helbidera–. Aramaioko Udalak Laia eskolarekin elkarlanean antolatutako ikastaroa da.
20-35 urteko emakumeendako
Emakumeei zuzendutako ikastaroa izango dela dio Baenak, bereziki, 20 eta 35 urte bitartekoei: "Are gehiago, haurdun geratzeko asmoa duten emakumeei; izan ere, prebentziorako ikastaroa izango da. Gihar indartsuak izatea ezinbestekoa da haurraren pisua jasateko eta etorkizuneko disfuntzioak saihesteko". 10 saioko iraupena izango du eta teoria eta praktika uztartuko ditu. "Helburua da emakume guztiak heztea, kontziente izatea, euren buruak balioestea eta irtenbideak bilatzea; izan ere, bizitzan zehar, pubertaroan, amatasunean, menopausian..., modu batera edo bestera, euren pelbisaren anatomiak aldaketa fisiologikoak izango ditu". Gaineratu du oso garrantzitsua dela emakumeek behar dituzten tresnak izatea arazoari aurre hartzeko; edo, arazorik izanez gero, arazoa konpontzeko.
Egingo dituzten ariketak
Zoru pelbikoaren muskulatura indartzeko Kegel ariketak, abdominal hipopresiboak, abdomen pelbikoa normalizatzeko ariketak, bola txinatarrak... erabiliko dituzte. Ariketak egiteaz gain, zoru pelbikoaren balorazio bat egingo zaio parte-hartzaile bakoitzari. "Postura, sabeleko muskulatura, diafragma... ere baloratuko dira, muskuluetan, lotailuetan eta faszietan izan ditzaketen alterazioak bilatzeko".
Gernu galerak
Zoru pelbikoa indartzeko beharra dagoela adierazten duten seinaleak asko izan daitezke: "Eztula egitean, barre egitean edo korrika egitean gernu galera dutelako, sexu-harremanetan mina edo eragozpenak dituztelako, gernu-infekzioak, idorreria, edo baginan bola sentsazioa dutelako...". Zoru pelbikoari buruz tabu handia dagoela uste du Baenak: "Ikastaro hauetan, emakumeak identifikatu egiten dira beste emakumeekin eta konfiantza giroa sortzen da". Modu horretan, gaia normaltasunez tratatzen dutela dio. Baenak Udala eskertu nahi du horrelako ikastaroak babestearren.