400 aramaioar inguruk jarri diote alegazioa Itsaraz parke eolikoari

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko uzt. 21a, 09:52

Aramaio Bizirik plataformako kideak Gasteizen, atzo.

Aramaixo Bizirik herri plataformak 400 bat alegazio aurkeztu zituen atzo Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzan; gaur, Aramaioko Udalak aurkeztuko du Udalaren alegazioa.

Aramaixo Bizirik herri plataformak herritarren 400 bat alegazio aurkeztu zituen atzo Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzan, Norvegiako Statkraft multinazionalak Aramaioko eta Eskoriatzako mendietan egin nahi duen zentral eolikoaren aurka. Trantsizio Ekologikorako Ministerioari zuzendutako alegazioak izan dira Aramaioko herritarren artean jaso dituztenak. Herritar partikularrek uztailaren 24ra arte dute proiektuari alegazioak jartzeko.

Eskatzen dutena

"Proiektuaren informazio azterketa ez onartzea, interes orokorrekotzat ez deklaratzea eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen negatiboa egitea", eskatu dute Aramaixo Bizirik herri plataformako kideek alegazioetan. "Durakogain, Ganborralde eta Asentsiomendi batzen dituen mendilerroan kokatutako makro-proiektu horrek Aramaioko eta Debagoieneko biztanleengan eta biodibertsitatean izango dituen kalteen eraginak zenbatezinak dira", adierazi dute herri plataformako kideek.

Itsaraz proiektua

200 metroko zortzi aerosorgailu dira proiektuak jasotzen dituenak. Diote "biodibertsitatearen galera atzeraezina eta eremu naturalaren suntsiketa" ekarriko duela eta Aramaio eta inguruetako paisaia guztiz itxuraldatuko duela. 782 hektarea baso eta mendi hartuko du parke eolikoak, eta sortuko den elektrizitatea Abadiñon sareratuko da, Besaidetik barrena joango den 15 kilometroko goi-tentsioko ebakuazio linearen bitartez. Orain arte EAEn proiektatu den zentral eoliko handiena izango litzateke Itsaraz. Klima larrialdiaren testuinguruan, "beste eredu baten" aldeko apustua egiten du plataformak. "Tamaina txiki eta ertaineko berriztagarrien instalazioetan oinarrituta, tokian tokiko elektrizitate beharrak asetzeko, jadanik degradatuta edo antropizatuta dauden eremuak lehenetsiz", diote.

Udalaren alegazioa

Aramaioko Udalak ere uztailaren 24ra arte du Itsaraz proiektuari alegazioak jartzeko epea. "Aztikerrekin egindako deliberazio jardunaldian herritarrek eskatu ziguten proiektuaren aurreko jarrera lideratzeko", dio alkateak; bada, Udalak gaur aurkeztuko ditu alegazioak Gasteizen, Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzan. Laguntza teknikoa eta juridikoa izan du Udalak alegazioak prestatzeko; eta, teknikoki eta juridikoki ikusten dituzten hutsuneei jarriko dizkiete alegazioak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak